Dokumentuaren akzioak
Koko-dantzak 2014: Mandiola eta Agina aldean ibiliko gara
Koko-eskearen ibilbidea Goizean goiz, 8:30ean, Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak. Ondoren bi taldetan banatuko gara. Talde bat Mandiola aldera eta bestea Aginaga aldera joango da. Amañatik gora Zozola, Zozolabarri, Aritxuluetabarri eta Aritxuluetara igoko gara. Bitartean bigarren taldea Ixuatik Agina aldera jaisten eskuin eta ezker dauden baserrietara hurbilduko da: Altzerreka, San Roman, Aboagaazpikoa, Aboagainekoa, Torrepe... Mandiola aldeko taldeak hango lanak bukatuta Aginakoarekin elkartuko da, eta hortik aurrera batera egingo ditugu Suinagatxo, Suinaga, Gorostiaga, Atxekoa, Orbesoaren eta Aginagainekoa. Hortik gora segi eta Oregizahar, Arandoaurtena, Arandobarrena, Arandoguena eta Arandoetxebarrirekin bukatuko dugu.
Koko-festa kalean
Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera.
Koko-dantzak 2014
- 8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
- 9:00 – 18:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Agina aldeko baserrietan.
- 19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.
Zozolako oroitzapen bereziak
Koko-dantzetan zenbait bisitari izan ditugu urteotan, tartean argazkilariak eta folklore ikertzaileak ere. 2010. urtean, aurtengo ibilbide bera egin genuenean Antxon Agirre Sorondo folklorista ezaguna izan genuen behatzaile. Gehienek nor ze ezagutu ez, eta harriduraz begiratzen zioten bati eta besteari aginduak ematen zizkion gizon handi hari. Zozola baserrian lehen agerraldia egiten ari ginela, ezkontza argazkilariak bezala, erretratua ongi egiteko bakoitza non jarri behar zen agintzen hasi baizitzaigun Antxon Agirre Sorondo. "Zorionak! Bai inauteri ederra!" esan zigun Antxonek eta gu ur bitsetan, hainbeste inauteri eta festa ezagututako gizonaren ahotik zorionak jasota. Gero bi gauza agindu zizkigun: "Etorriko naiz beste batean!". Eta "Hemendik urtebetera artikulua argitaratuko dut El Diario Vascon, koko-dantzen berri emanez" iragarrita agurtu gintuen. Ez genuen pentsatzen urtebetera akordatuko zenik, baina esandako hitz bete zuen, eta horrela, 2011ko otsailaren 19an argitaratu zuen artikulua: "Koko-inauteria".
Orain hiru aste hil da Antxon Agirre Sorondo, eta beraz, bigarren agindua bete ezinda joan zaigu. Eta gauzak zer diren, Zozola baserriko Jose Enrike hil da egun horietan bertan. Bisita berezia izango dugu beraz Zozolara aurten, etxeko Jose Enrike eta han bertan ezagutzera eman zitzaigun Antxon gogoan izateko unea izango baita.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19