Dokumentuaren akzioak
2020 urte-pandemiko baten dantza-kronika
Urtea hasi orduko, urtarrilaren 4an dantzan ari ginen, pozik eta itxaropenez beteta, dantzaz betetako urtebete aurretik genuelakoan. Ez genuen sumatzen inoiz imajinatuko ez genuena, dantza, lana, aisia eta bizitza osorik hankaz gora jarriko zuen pandemia handik gutxira zetorkigula. Hain izan da berezia urtea, jaso dugun zartakoa eta gure bizitza eta jarduerak horrenbeste baldintzatu ditu, erreakzionatzeko gai ere nekez izan garela, eta gure sareko txoko honetan ere ohiko kronikarik apenas sareratu dugula. Ez-ohiko urtean beraz, ez-ohiko kronika, urte pandemiko honen laburpena 10 kapitulutan.
1. Hitzen maisua hitzik gabe
- Urtarrilak 4: Martin Zalakain Gasteizen, Principal Antzokian
Harrera beroa egin zioten arabarrek Martin Zalakainen abentura dantzatuari Gasteizko Printzipal antzokian. Portugaletetik Baionara, Debatik Iruñera, Euskal Herriko hainbat bazterretako dantzariak biltzen gara Argia dantzari taldearen zuzendaritzapean, eta Gasteizen arabar dantzari bat ere izan genuen gure artean.
Ikusleen artean, arabar dantzazaleekin batera izan ziren musikari, agintari (Lehendakaria eta Arabako Batzar Nagusietako presidentea tarteko) eta idazleak ere, eta hain zuzen hitzen bi artista handirekin, Asun Garikanorekin eta Bernardo Atxagarekin solasteko aukera izan genuen emanaldi bukaeran.
Ikuskizunak eragindako emozioak eta dantzak eta musikak ebokaziorako duten gaitasunaz ari ginela, une batean, hitzen maisu handia denak, hitzik gabe zegoela aitortu zigun. Ezustean, inoiz jasotako lorerik ederrena jaso genuela sentituz jarraitu genuen trasteak jasotzeko lanarekin.
2. Zalakain Sarasuaren herrian
- Urtarrilak 18: Martin Zalakain Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian
Marian Arregi eta Jose Inazio Sarasua gogoratuz eta omenduz abiatu zen Martin Zalakain ikuskizuna Elgoibarko Olaizaga kiroldegian. Hain zuzen ere Jose Inazio Sarasuaren ekimenez eta indarrez hainbat folklore jaialdi eder jaso eta bizitako eszenatokian, Haritz Euskal Dantzari Taldearen herrian, Sarasuaren aberrian.
Elgoibarko Martin Zalakainen emanaldian Ekaitz Zilarmendi argazkilaria izan genuen gure artean eta erreportaje zoragarria utzi zigun.
Irudietako batzuetan kazuela berean dantzatzen antzematen zaigun bizi-poza uste baino lehenago bukatu zitzaigun.
3. Kokomarruak Zaldibarrera begira
- Otsailak 15, Koko-dantzak Arrateballen
Otsaileko bigarren astean, dena prest genuen inauteriak abian jarri eta koko-eske eta koko-dantzak Eibarko baserri eta kaleetan zabaltzeko. Baina otsailaren 6an herriko mugan dagoen Zaldibarko zabortegian luizia gertatu, Sololuze eta Beltran langileak bertan lurperatuta geratu, autopista eten eta Eibar eta Ermuko airean laino toxikoa zabaldu zen. Otsailaren 15eko goizeko 7:30ean Portaleko dantza-gelan geunden, koko-jantziak janzten hasteko prest, baina zer egingo genuen erabakitzeke.
Bezperan, otsailaren 14an, Eibarren eta Ermuan kanpoan kirolik ez egiteko eta etxeetako leihoak itxita mantentzea aholkatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Egoera aztertu eta iritzi-trukea egin ondoren, baserrietako koko-eskea mantendu eta arratsaldeko herriko kalejira bertan behera uztea erabaki genuen. Jantzi, argazkia egin San Andres parrokiaren atarian, merkatu plazan zeuden baserritar gutxiei bisita eta lehen dantza eskaini eta abiatu ginen.
Bi taldetan antolatuta, Arrateballeruntz eta Gorostaruntz abiatu ginen. Talde bat Arrate azpian dagoen Gaztelu baserriraino eraman eta handik behera jaisten hasi ziren dantzan, kantuan eta eskean: Arizmendiguena, Arizmendi, San Juangua, Zelaikoa, Untzeta, Agiñao-azpi, Agiñao-gain, Guenetxe, Narru, Erdikoa, Aretxitagoitikoa, Barrundi, Iñarra, Mendigoiti, Lezeta.
Asola Berri soziedadean hamaiketako ederrarekin indarberrituta jarraitu genuen Sumendixa goikora eta behekora. Bitartean, bigarren taldeak ere gorantz jo zuen baina Gorosta alderantz lehenengo: Mugitza, Pagolatxabola, Gorostabeletxe, Gorostagainekoa, Gorostabeña, Gorostazpikoa, Zestero, Kantabria eta hortik jaisten Itsaso, Maapilla, Zezeil, Ezkaregi-Errota eta Lezetaabeletxe.
Bi taldeak batuta iritsi ziren Lazaretora eta bertan egin genuen azken emanaldia elkarrekin.
Hor bukatu ziren 2020ko koko-dantzak. Arratsaldeko kalejira bertan behera geratuta koko-jantziak erantzi eta gordetzeko ordua iritsi zen. Gutxi espero genuen une horretan hori izango zela 2020an ohiko modura zerbait hurbilduta egingo genuen azken ekitaldia.
Fernando Retolazak egindako argazki gehiago hemen: Koko-dantzak 2020 [argazkiak]
4. Bertan Behera
Eibarren 30 urtez kaldereroak plazaratu ditugu karnabaletan. Zaldibarko zabortegiaren isuriak zirela eta inauterietako programa osorik bertan behera uzteko aukera aurreratu zigun udalak. Guk ere egoera baloratu eta kaldereroak ez ateratzea erabaki genuen. Udalari jakinarazi genion erabakia. Azken orduan udalak ekitaldi batzuk mantentzea erabaki zuen eta ofizialki jakinarazi zuen kaldereroak mantenduko zirela. Otsailaren 21ean, karnabal barikuan, udalak kontratatutako txaranga atera zen eta kalejiran parte hartu ohi duten 8-9 elkarteetatik bateko dozena erdi kidek parte hartu zuten bertan.
Otsailean Txinatik zetorren birusaren soinuak gero eta ozenagoak ziren. Baina martxora sartu orduko alarmak pizten hasi ziren eta martxoaren 13tik aurrera bertan behera izan ziren egutegian gehien errepikatu ziren hitzak.
Covdi19 pandemiaren ondorioz Bertan behera geratutako batzuk
- Martxoak 14, larunbata: Martin Zalakain Zornotzan.
- Apirilak 25, larunbata: Martin Zalakain Deban.
- Maiatzak 4, igandea: soka-dantza Santa Kurutz auzoan.
- Maiatzak 23, larunbata: Martin Zalakain Beasainen.
- Ekainak 12, ostirala: Eibarko Dantzari Eguna.
- Irailak 12, larunbata: Martin Zalakain Hondarribian.
- Urriak 24, larunbata: Martin Zalakain, Astigarragan.
- Azaroak 1, igandea: Mendi-kultura jaialdia Kalamua-Arraten.
- Azaroak 30, astelehena: Plazara Dantzara dantzaldia.
- Abenduak 26, larunbata: Martin Zalakain Donostian, Victoria Eugenian.
Martin Zalakain ikuskizunaren urtea ia-osorik hankaz gora joan da.
5. Dantza-konfinatuak
Konfinamenduan etxetik dantzan jarraitzeko ahaleginak ugariak izan dira. Dantzan.eus-en "Eutsi dantzan" bideo-tutorialak baliatu genituen hasieran. Gero taldeko bideo-deietan aritu gara entseguak egiten, horrek dituen zailtasunak eta mugak ondo ezagutzeraino: etxe bakoitzeko sukaldeko, egongela edo pasilloetako tamainak, soinua eta irudiaren sinkronizazio/ez-sinkronizazioak, e.a.
Entsegu telematikoez gain, beste mota bateko dantza-jardunak ere egin ditugu pantailen-dantzan. Adibidez, Saray Garzia dantzari profesional eibartarrarekin tailer bat egin genuen maiatzaren lehen egunetan.
Eta entsegu telematikoen desabantaila guztien artean aukera positibo txiki bat ere bazela ohartuta, distantzia fisikoaren ondorioz normalki egiten ez dugun moduko bi talderen arteko entsegu konpartituta egin genuen, Iruñeko Duguna dantza taldearekin batera.
6. Dantza-maskaratuak
2020a iritsi arte dantza-maskaratuak beste zerbait ziren. Inauteriekin lotzen genituen. Baina urte honetan inauterietatik kanpo ere aritu gara maskarekin dantzan.
- Maiatzak 31, igandea: Euskal Jaiaren usaina airean
Maiatzean, Euskal Jaia osorik bertan behera geratuta, talde txikietan antolatuta herriko kale eta plaza batzuk dantzaz eta musikaz girotzen aritu ginen.
Lau talde antolatu genituen, bakoitzak bere musikari taldearekin: Elgoibarko gaitari gazteak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Usartza txistulariak eta Kezkako txistulariak.
Euskal Jaia antolatzen duen Eibarko Klub Deportiboko kultura batzordearen laguntzarekin, plaza eta kale nagusietatik ihesi, auzo eta bazterreko plazetara jo genuen, distantziak mantenduz eta jendea biltzen hasi aurretik bukatu eta alde egiteko moduko emanaldi laburrak eskainiz.
Kaleko dantza emanaldi ibiltariak debekatu aurreko egunak ziren.
Felipe Loiolak egindako argazki gehiago hemen: Euskal Jaia Eibarren 2020 [argazkiak]
7. Dantza-bideo-emankizunak uda aurretik
Ekaina etorri zen, baina gure dantza eskolako urteko emanaldi nagusia izaten den Dantzari Eguna ez ginen planteatzera ere iritsi. Soka-dantza kalez kale egiteko proposamena egin genuen, karrika-dantza bat. Baina ezezkoa jaso genuen. Horren ordez antzokian dantzatu eta bideoz zabaltzeko aukera sortu zen.
- Ekainak 24, asteazkena: San Joan soka-dantza Coliseo antzokian
San Joan eguneko soka-dantza ere, 1994tik etenik gabe Untzaga plazan dantzatu duguna airean zegoen. Azkenean Coliseo antzokian, kameren eta ikusle gutxi batzuen aurrean egiteko aukera sortu zen.
Urtero soka-dantzan izaten ditugun omenduak pandemiari aurre eginez lanean zebiltzan osasun-langileak izan ziren.
Eserlekuetan osasun alorreko bailarako ordezkari nagusiak eta sokan gertuko bi dantzari, mediku eta erizain. Lehengoez gainera Covid19 gaixoak artatzea egokitu zaienak urte berezi honetan: Txindurriko Iratxe Odriozola dantzari eta txistulari ermuarra eta Haritzeko Ane Astigarraga dantzari elgoibartarra.
Felipe Loiolak egindako argazki sorta zabalagoa hemen: San Joan soka-dantza 2020 [argazkiak]
8. Dantza-bideo-emankizunak uda ostean
Uda ostean beste ikasturte bat hasi eta pandemia atzean utzita normaltasunera itzultzeko itxaropenak berehala uxatu zituen covid19 birusak. Lehen lepotik burua ekarri zigun irailak eta Arrateko jairik gabe Arrateko Dantzak bideo-enlatatu beharrean aurkitu ginen.
- Irailak 5, larunbata: ezpata-dantzan grabaketa Arraten
Ohiko formatuan Arrateko ezpata-dantzarik izango ez zela onartuta, bideoa grabatzeko aukera izan genuen, eta Idoia Lahidalgaren ikus-entzunezko aginduetara eta Jose Antonio Roigeren airetiko begiradapean jarri ginen, urte berezi honetan ezpata-dantzaren oroitzapen berezia gordetzeko asmoz.
Usartza txistulari taldetik Enrike Montero, Asier Castelos, Iratxe Gimenez eta Iñaki Orbegozo izan genituen musikari lanetan, eta dantzariak, berriz, Ane Muguruza, Jone Amuategi, Garoa Magunazelaia, Jokin Hazas, Ane Sarasketa, Maialen Araolaza, Julene Usobiaga, Enrike Izagirre, Anartz Fernandez, Igor Baroja, Maddi Sarasua, Peru Alberdi, Maddi Alberdi, Maite Gonzalez, Egoitz Blanco, Miren Hazas, Oihane Llorente, Josu Garate, Jone Saez, Esther Kareaga, Maitane Fariñas, Joseba Aranzabal, Olaiz Agirrebeña, Harkaitz Urreta, Oier Araolaza, Ander Garitagoitia, Ainhoa Larrañaga, Luken Aranburu eta Jone Lahidalga.
Ez ohiko egoera, ez ohiko irudiak; Arrateko zelai eta ingurune berde eta hutsetan ezpata-dantzariak eta txistulariak erakusten dituzten irudi bereziak utzi baitizkigu Felipe Loiolan begiradak.
Lau lerroko ezpata-dantza bi taldetan banatuta aritu ginen ezpata-dantzarien arteko distantziak bermatu ahal izateko.
Felipe Loiolak egindako argazki gehiago hemen: Arrate ezpata-dantza 2020 [argazkiak]
Idoia Lahidalga eta Jose Antonio Roigek egindako bideoa hemen:
9. Dekretu artean dantzan
Dekretuak irakurri, arau berriak aztertu, haietara egokitutako berrantolaketak egin eta berriz hasierara, dekretuak irakurri,... Horrela gabiltza irailetik. Lauzpabost astetik behin dena berraztertu behar eta neurri berrietara egokitu behar: protokoloa egin, protokoloa aldatu, protokolo berritu; orain aforoa murriztuta, gero leihoak eta ateak irekita, orain musukoarekin, gero musukoa eta taldea murriztuta, orain distantziarekin, gero distantzia, CO2 neurgailua, hidrogela eta errepertorioa berriz aldatuta. Entseguetarako lokal handiago bat alokatu eta egokitzen jardun gara azken hilabeteetan, Portaleko ohikoa txikia eta motza geratu baitzaigu neurriak betebeharrarekin.
Pandemiak kinka larrian jarri du dantza. Entsegu bakoitzak azken entsegua izan daitekeelakoan ari gara dantzan. Biharamunik ez balego bezala dantzan. Entseguetan baino, entseguak egin ahal izateko antolaketa lanetan pasa zaizkigu hilabeteak. Eutsi! esaten du jendeak eta hori egiten saiatu gara: Eutsi dantzan!
Ohiko dantza-emanaldirik egiteko aukerarik ez dugu izan. Baina han hemen, parte hartze txiki batzukin lanpetuta izan gara urte bukaeran ere bai.
- Irailak 8, asteartea: Diasporaren aurreskua Omaiztegin.
Guretzat Arrate eguna den irailaren 8an ospatzen da Euskal Diasporaren Eguna. Aurten Arrate egunean Arratera joateko aukerarik ez eta diasporaren eguneko ekitaldian antolatu zen aurreskuan parte hartzeko aukera izan genuen.
Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako zuzendaritzaren eskariz diasporaren aurreskua koordinatu zuen Dantzan elkarteak eta hango eta hemengo dantzariek osatutako soka horretan izan ziren euskal ordezkari Miren Hazas dantzaria eta Jose Migel Laskurain txistularia, Gari Otamendi añorgarrarekin batera.
- Urria: Kezkako argazkien erakusketa Eibarko Klub Deportiboan
Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldearen eskutik, Kezka dantza taldearen argazki-erakusketa izan da ikusgai Deportiboan bertan. Azken hiru urteotan Kezkak egindako dantza-ekitaldietako argazkien hautaketa jaso du erakusketak.
- Urriak 21, asteazkena: Ilustrazioa eta dantza, Bergarako Laboratorium museoan
Dantzak eta ilustrazioa nola elkartu ziren Euskal Herrian azaltzeko hitzaldi-dantzatua eskaini genuen Bergarako Laboratorium museoan, eta Bergarako Musika Eskolako ikasleekin batera, Quico Puges musikari katalandar-eibartartua, eta Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza dantzariak aritu ginen soka-, arku- eta kontra-dantza batzuk eskainiz azalpenen osagarri.
- Abenduak 3, osteguna: Roberto Perezi omenaldia Burgoseko epaiketaren urteurrenean
Frankismoaren amaieraren hasiera irudikatzen duen Burgosko epaiketa gertatu zela 50 urte bete diren honetan, horren inguruko ekitaldia antolatu zen Eibarko Coliseo Antzokian eta bertan, epaiketaren aurreko manifestazioan parte hartzen ari zela poliziak hil zuen Roberto Perez gazte eibartarrari eskainitako omenaldia agurra dantzatu zuen Kezkako Ane Muguruza dantzariak, Andoni Altzibar, Josu Agirre eta Iñaki Barua musikarien txistu eta danbor doinura.
- Abenduak 9, osteguna: Victoria Eugenia, Donostia, Xabier Leteren omenaldia
Xabier Lete zendu zela 10. urteurrena gogoan hainbat ekitaldi antolatu dira eta horien artean zen abenduaren 9an Donostiako Victoria Eugenian egindako ekitaldia, idazle, musikari eta dantzarien parte hartzearekin. Ez dok Amairuren garaian Baga, Biga, Higa sentikarian sortzaile guztiak mutil-dantzaren doinura eszenaratzen ziren dantzaldia gogoan, Argia dantzari taldearen eskutik eszenaratu zen mutil-dantzan izan ginen Kezkako zenbait ordezkari.
- Abenduak 9, osteguna: Urpekarien urteurrena eta bultzatzaileei omenaldia
Urtea hasi bezala, Eibarko Klub Deportiboko urpekarien batzordearen 50. urteurrena ospatuz bukatu zen guretzat, eta batzorde horretan urte guzti hauetan bultzaka aritu diren Arrate Eraso eta Javier Escuderori eskaini zitzaien omenaldian agurra dantzatu zuen Jone Lahidalgak, Andoni Altzibarren txistuaren eta Iñaki Baruan atabalaren doinura.
10. Zapaltzen dugun lur-zorua
Irailean ikusi genuen Portalea Kultur Etxean erabiltzen dugun dantza-gela "txiki" geratu zitzaigula. Batetik, talde txikiagoetan aritzeko bigarren gela bat beharko genuelako. Bestetik, talde handiagoetan aritzeko metro karratu gehiago behar genituelako. Kultur Etxe alboan libre zegoen lokal bat ikusi eta alokatu egin genuen. Kezka Garajea deitzen diogu orain beste espazio honi, garajeetan erabiltzen den moduko atetzarra baitu eta hori goraino altxatuta aritzen garelako bertan aire zirkulazio egokia bermatzeko.
Kalearen alturan egonik eta atea zabal zabalik, entseguan ari garela espaloitik pasatzen diren herritarrak ezin saihestu barrura begiratzea eta dantzan dabilen taldearekin harritzea. Auzoko bizilagun batzuk agurtu gaituzte entseguetan eta baita txalotu eta eskertu ere, auzoari alaitasuna, musika, bizitasuna, dantza ematen diogulakoan.
Lurra gogorra du baina Kezka Garajeak eta dantzarako egokitu beharra ikusi dugu. Horrela, aislantea eta egurrezko geruza jarri diogu 2020an eta linoleoa 2021ean.
Tarte bat hartzen badugu sarrera bat egingo dugun lurra dantzarako egokitzeko egin ditugun hobekuntza lanak azalduz. Oraingoz lehen ekinaldiko argazkiekin utziko dugu.
Dantza kinka larrian jarri duen urte berezi honetan dantzan jarraitzeko ilusio eta gogoa ez ditugula galdu erakusteko, hona hemen dantzan jarraitzeko gure oinei egokitu diegun lur-zorua.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19