Dokumentuaren akzioak
Iker Gomez-en Absurdo Coliseoan
Absurdo
Bi dantzari eta hiru musikari, dantzan, kantuan eta aktore lanetan aurkituko ditugu ikuskizun honetan. Bost interpreteak absurdoa hartzen dute filosofia motoretzat bizitza ulertzeko ahalegin antzutik ihesi.
Dantza
Dadaismoak eragin handia izan du gaur egungo artean. Artea bera zalantzan jartzen zuten dadaistek. Probokaziorako joera eta materialen nahasketa eta collage-rako zaletasuna zor diegu besteak beste. Umorea ere inoiz ez zuten ahaztu dadaistek. Dadaismotik abiatuta dantza eta koreografian barneratzen da Iker Gomez, mugimendu espontaneoak bilatuz, ezarri gabekoa, ausazkoa landuz, energia eta emozio egoera aske eta indartsuak aurkitzeko.
Musika
Kepa Elgoibar, Daniel Gonzalez eta David Sanchez-ek osatzen duten PerroTeproduce musika eta soinu produktorak musikaren historiako sortzaile handienetako baten lanetik, Mozart-en Requiem-etik abiatzen dira. Konpasen ordena aldatuz, partiturak collage bidez osatuz edo latinezko hitzak asmatutako hizkuntza batekin ordezkatoz beraien interpretazio askea burutu dute.
Bideoa
Collage-a eta fotomuntaketa lengoia artistiko aske eta mugagabe baten bilaketan dadaistek sortutako adierazpen tresnak izan ziren. Iker Gomez-ek teknika horiek bideoaren fotogramen mugimenduari aplikatzen dizkie, eta bideoa, musika eta eszenan ari diren dantzarien loturak koreografiatuz ikuspegi eta dimentsio eszenografiko propioa garatzen du.
Azken batean, absurdoak, zentzugabetasunak laburbiltzen du dena.
Iker Gomez: Absurdo
2009ko urtarrilak 31, 20:30
Eibar, Coliseo Antzokia
Sarrera: 8 €
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19