Dokumentuaren akzioak
Helmholtz organoarekin dantzan 60 urteren buruan
Errekatxuko taller txiki batean musika tresna berezi bat eraikitzen jakin zuten 1960ko hamarkada hasieran. Projectors elkarteko Jesus Mari Agirre eta Aitor Alberdiren ekimenez Helmholtz organo eibartarra era askotako musika egiten entzuteko aukera izaten da urtero, eta 2021ean, 60. urteurrena dela eta kontzertu handia antolatu dute San Andres egunean Coliseo antzokian: Mikel Azpiroz eta Elkano Browning Cream, Olatz Salvador, Julian Maeso, Mikel Erentxun, Zaloa Urain, Maite Arroitajauregi "Mursego", eta kontzertua irekitzen, Juan Luis Agirre organojole eibartarra, Iraide Ansorena eta Quico Pugesek lagunduta eta Kezka dantza taldea dantzan.
Sokan, lotuan eta soltean
60ko hamarkadako soinua dario Helmholtz organoari eta giro horretan kokatu dugu gure dantza saioa: soka-dantzan hasi, soltean eta lotuan segitzeko. Quico Puges-ek txeloarekin gidatuta batu zaizkio Juan Luis Agirre organoarekin eta Iraide Ansorena txeloarekin.
Altsasuko soka-dantzaren doinuarekin eszenaratu dira dantzariak, zubiak egin eta berriz gordera ezkutatzeko.
Quico Puges-en beraren doinuak eta Josu Garaten gidaritza koreografikoarekin, arin-arin, fandango eta kalejirara, soltean zein lotuan, dantzatu dituzte Kezkako dantzariek.
Dantzarietan azken orduko ordezkapenak egin behar izan ditugu eta Josu Garate eta Ainhoa Larrañagarekin batera Jone Lahidalga eta Oier Araolaza aritu dira, ensaiatzen aritu baina emanaldi egunean etxean geratu behar izan diren Eider Agirrebeña eta Luken Aranburu ordezkatuz. Hemen gure emanaldiaren bideoa:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19