Ezpata-dantzak izango dira protagonista Eibarko Euskal Jaian eta Ezpalak jaialdian

2016/05/23
Ezpata-dantzak izango dira protagonista Eibarko Euskal Jaian eta Ezpalak jaialdian

Maiatzeko azken asteburua dantzan igaroko dugu Kezka Dantza Taldeko dantzariok. Eibarko Euskal Jaiaren eta Iruñeko Duguna dantza taldearekin batera antolatutako Ezpalak Jaialdiaren baitan bi dantza emanaldi eskainiko baititugu maiatzaren 28an eta 29an.

Lehena Iruñeko Burgoen plazan izango da larunbat goizean, eta bigarrena, aldiz, Eibarren, taldeko txikiekin batera igande goizean. Ezpata-dantzak izango ditugu protagonista aurten eta Euskal Herriko zenbait ezpata-dantzaz gain Andaluzia eta Ingalaterrakoak ikusteko aukera ere izango da.

Aunitz Urtez ezpata-dantza. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Eibarko Klub Deportiboak antolatuta, Euskal Jaia 51. aldiz ospatuko da aurten Eibarko kaleetan. Beste zenbait ekintzaren artean, dantzari dagokionean, ezpata-dantzei eskainitako Ezpalak jaialdia izango da dantzariontzat jai egunotako momentu nagusietako bat. Igandean, maiatzaren 29an, goizeko 12:00etan kalejiran irtengo gara Kezka dantzariok Urkizuko plazatik Untzagaraino eta 12:30etan ekingo zaio jaialdiari.

Kezkako txiki, gazte zein helduok izango gara lehenak plaza hartzen eta Euskal Herriko zein kanpoko ezpata-dantzen errepertorio zabal kondentsatua aurkeztuko dugu. Jarraian Berako, San Bartolome de la Torreko (Huelva), Zumarragako, Newcastle-ko (Ingalaterra) eta Iruñea eta Eibarko dantza taldeek osatutako Aunitz Urtez ezpata-dantzak plazaratuko dira.  Bazkal ostean erromeria egongo da Gathübi taldearekin.

Ezpata-dantza, 2014ko Ezpalak jaialdia. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC BY-SA

Eibarko 51. Euskal Jaia, Ezpalak:

Igandea, maiatzaren 29a

  • 12:00etan: Dantzarion Kalejira Urkizuko Plazatik Untzagaraino.
  • 12:30ean: Ezpalak Jaialdia Untzaga plazan.
  • 17:00etan: Erromeria Gathübi taldearekin.