Korrotik pikutara, dantzaren historia dantzan

2021/05/18
Korrotik pikutara, dantzaren historia dantzan

Erromerietako dantzen historia-dantzatu bat, dantza-emanaldi didaktiko bat eskainiko du Kezka dantza taldeak. Korroan, borobilean hasi eta soka-dantza, ingurutxo, kontra-dantza eta bikote dantzetatik pasa ondoren, soltean, bakarka eta noraezean edo pikutan bukatuko dugu. Dantzaren historia honen ideia Juan Antonio Urbeltzi zor diogu, soka-dantzaren historia azaltzerakoan aurkeztu baitzuen gure dantzen bilakaera zentrifugo hau. Dantzaren historia dantzan jarriko du Kezka dantza taldeak, aldi berean pedagogikoa eta entretenigarria izan nahi duen dantza emanaldian. 

Aurresku Akondian, Kezka dantza taldea, 2021-04-18. Argazkia: Fernando Retolaza.

Musikariak eta dantzariak

Kezka dantza taldeko dantzariek beren gorputzak dantzan jarriz irudikatuko dituzte dantzarien historia honen atalak eta musikari talde honek jarriko du soinu-banda: Jose Migel Laskurainek joko du txistua, Adolfo Jainagak trikitixa, Quico Pugesek biolontxeloa, Gari Otamendik biolina, Iraide Ansorenak perkusioak eta Unai Narbaizak panderoak. Dantzariak berriz honakoak izango dira: Jone Lahidalga, Ane Muguruza, Luken Aranburu, Maider Altzibar, Uxue Gisasola, Oier Araolaza, Ainhoa Larrañaga, Unai Txurruka, Irune Saez, Jone Saez, Izar Araolaza, Jone Amuategi, Maite Gonzalez, Oihane Llorente, Julene Usobiaga eta Josu Garate.

Pandemia-garaiko bigarren Euskal Jaia ospatuko dugu 2021eko maiatzaren azken asteburuan. Dantzak eta musikak bete ohi dituzte Eibarko kale eta plazak Euskal Jaiko igandean, eta aurten ere izango dira dantza eta musika baina batez ere Coliseo antzokian. Maiatzaren 30ean, igandean, eguerdiko 12:00etan, Euskal Jaia dantzan, korrotik pikutara jaialdia ospatuko dugu Coliseo antzokian. Sarrerak dohain izango dira eta Coliseoko takillan eskuratu daitezke maiatzaren 17tik aurrera.

Euskal Jaia dantzan, korrotik pikutara

  • Data: 2021eko maiatzaren 30a, igandea, 12:00etan
  • Tokia: Coliseo antzokia, Eibar.
  • Sarrerak: Dohain. Coliseoko takillan (Errebal kalea, Eibar) edo Kutxabanken.