Igandean keinu txiki bat egingo diogu bertan behera geratutako 2020ko Euskal Jaiari
Pandemia dela eta 2020ko Euskal Jaia bertan behera geratu bada ere, aurreikusita zegoen datan, maiatzaren 31an, Euskal Jaia egun honetan ospatzekoa zela gogora-arazteko keinu txiki bat egingo dugu. Babes eta segurtasun neurri guztiak errespetatu nahi ditugu eta ez dugu inolako arrisku egoerarik sortu nahi, beraz, horixe izango da, keinu bat, musika, dantza eta alaitasun apur bat, Euskal Jaia urtero ospatzen dugun eibartar guztiontzat ospakizun txiki bat.
Bermuta Euskal Jaiarekin
Igandean, maiatzaren 31an, 12:00ak eta 14:00ak bitartean, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik musikari eta dantzari talde txiki batzuk Eibarko kaleetan ibiliko dira, kalejira eta dantza-saio laburrak eskainiz, auzoz auzo eta kalez kale. Gonbidatu nahi ditugu eibartarrak urtero bezala baserritar jantzi eta musikari eta dantzariei ongi-etorria ematen… balkoi eta leihoetatik, eta kalean bada distantziak ongi mantenduz, eta musikari eta dantzariekiko eta beste herritarrekiko neurriak gordez.
Balkoi eta terrazetatik, sagardo, txakolin, ardo ala freskagarria eskuan, Euskal Jaiaren bizipoza partekatu eta elkarrekin topa (distantziara!) egitera gonbidatzen ditugu eibartarrak, eta euskal musikaren doinura besoak altxatu eta dantza apur bat egitera, nor bere tokitik!
Kalejirak eta emanaldi txikiak
Lau taldetan antolatuta, Kezka eta Usartzako txistulariak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, eta gure bailarako musikari gaztez osatutako dultzainero talde bat eta Kezkako dantzariak ibiliko dira Euskal Jaiaren giroa kalez kale zabaltzen igande eguerdian. Talde txikiak izango dira, gehienez 10 lagunez osatutakoak musikari eta dantzari artean, gehi beste hiru lagun antolatzaile-laguntzaileak, eta babes neurriak eta distantziak errespetatuko ditugu.
Kalez kale eta auzoetako plaza txikietan eskainiko dira emanaldi laburrak: Karmen kalean, Urkizu, Ibarrekurutz, Estaziño, Toribio Etxebarria, Ego-gain, Legarre, Amaña, Argatxa, Jazinto Olabe, Eguzki plaza, Txantxa-zelai, Eibarko Bizikleta Plaza, Plaza Barria eta Bidebarrietan besteak beste.
Data: 2020ko maiatzaren 31, igandea.
Ordutegia: 12:00-14:00 bitartean.
Tokia: Eibarko kaleak eta plazak.