Dokumentuaren akzioak
Barrokoko dantza-musika dakar Euskal Barrokensemblek Arratera
Miren Zeberio, David Chupete, Enrike Solinis eta Pablo Martin Caminero. Euskal Barrokensemble, Hego-koloreak.
Antzinako dantza-musikaren kolorea jarriko dio Euskal Barrokensemble musika taldeak apirilaren 18an Arraten eskainiko duen kontzertuari. Eibarko Klub Deportiboko Kultura, Mendi eta Kezka-dantza batzordeen artean antolatu dugun Udaberriko Euskal Jaiaren baitan eskainiko dute emanaldia Enrike Solinis eta Miren Zeberion taldeak. Mendi-buelta kulturala borobilduko du musika emanaldiak, izan ere, goizeko 9:00etan Eibartik abiatuta Akondia eta Aizketa gainak egin ondoren Arrateko kontzertuarekin osatuko da kirola eta kultura uztartzen dituen programa.
Hego-Koloreak gitarria eta biolintxuaz
Enrike Solinisen zuzendaritzapean, Colores del Sur diskan oinarritutako programa ekarriko du Arratera Euskal Barrokensemblek. Nagusiki Europa hegoaldeko barroko garaiko dantza musika jotzen dute bertan, baita Euskal Herrikoa ere. Kale-bazter eta jauregietako saloietan dantza-erritmoak ziren nagusi Barroko garaian, eta horietako batzuk eskainiko dituzte.
Eibarren 1721. urtean kantatu ziren kopla batzuen errepikak esaten duen "Gitarria ta biolintxua" bete-betean ageri zaigu Euskal Barrokensemble formazioaren bihotzean Enrike Solinis gitarra barroko eta laut jotzaile apartarekin eta Miren Zeberio arrabitari eta biolin barroko espezialista distiratsuarekin. Zeberio eta Solinisekin batera jazzean zein flamenkoan nabarmendu den Pablo Martin Caminero kontrabaxu-jolea eta erritmoen laberintoan argi berezia darion David Chupete perkusionista arituko dira.
Euskal Barrokensemble kontzertua Arraten
- Apirilak 18, igandea, 13:30ean Arrateko elizan
- Aforoa: 100 (%46), distantziak gordez eta musukoekin.
- Sarrerak: (5€) Eibarko Klub Deportiboan (tabernan) astelehenetik larunbatera (17:00-20:00).
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19