Dokumentuaren akzioak
Emakumeek soka-dantzaren gidaritza berreskuratu dute Santa Kurutzen
Irati Kortabitarte aurreskulari lanetan eta Ainhoa Larrañaga atzesku, soka-dantza dantzatu da aurten ere Mandiola auzoan, Santa Kurutz ermitaren aurrean. 2003an hasi zen Kezka bertako baserritarrekin batera soka-dantza egiten, eta aurten urrats berri bat eman dugu bizitzaren soka-dantzan. Emakumez osatutako eta emakumeek gidatutako soka izan da zelairatu dena.
Auzoko emakumeak lehen sokara deitu ditugunean, berehala prestatu dira. Ez diegu aurrez abisatu, baina Irati eta Ainhoa dantzarako jantzita ikusi dituztenean berehala ulertu dute, eta ziztu bizian antolatu dute soka. Harro atera dira plazara, behingoagatik, beraiena den soka lehen unetik dantzatzera.
Usartza txistulari taldeko Jose Migel Laskurain, Enrike Montero eta German Ereñak jarritako doinura zorrotz dantzatu dituzte Irati eta Ainhoak soka-dantzaren atalak: desafioak, zortzikoak, agurrak eta aita-sanmigelak. Olaia Gabirondo eta Esther Kareagak egin dituzte zerbitzari lanak, eta mutilak jiratzen lan apur bat izan arren, azkenerako osatu da soka. Zubiak, fandango eta arin-arina eta biribilketarekin bukatu da soka-dantza.
Dantzariak pozik, eta Mandiolako baserritarrak harro. Orain bi urte, auzo honetako emakumeek atera zuten Arrateko Ama Birjina San Isidro eguneko prozesioan lehen aldiz, eta horietako batzuk, urte askoan auzoan egin den emakumeen lehen soka-dantzan parte hartu dute.
Eta urte askoan diogu, ze ziur gaude ez dela izan lehen aldia. Ez dakigu noiz, baina soka-dantzak Euskal Herrian azken 500 urteotan behin eta berriz dantzatu direla kontuan hartuta, eta orain 200 urte arte, emakumeek soka-dantzak ateratzea nahiko arrunta zela kontuan hartuta, ziur gaude, Santa Kurutzen, Arraten eta Ixuan ere, emakumeek lehen ere makina bat soka dantzarazi dituztela. Kezkako neskek ere dantzatu izan dituzte soka-dantzak aurretik, han eta hemen, eta oraingo honetan, tokian-tokiko tradizioaren baitan egitea baino ez da izan.
Ezer berririk ez dugu egin beraz, baina berria balitz ere, egin beharrekoa zen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19