Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Deban Euskal Jaian 50 urte eta gero

Dokumentuaren akzioak

Deban Euskal Jaian 50 urte eta gero

2014/12/16 07:50

1964an Deban, Oargi elkartekoen eskutik, ondorengo urteetan oihartzun handia izango zuen Euskal Jai erraldoia ospatu zen. Herriaren ahotsa entzun arazteko garai zailak ziren eta edozein zirrikitutako aire putza, abertzaletasunak zekarren mendebal bortitzerako bide izaten zen. Hala gertatu zen orduan ere: hiru hamarkadatan ixildutako Euska Jaia berriz kalera atera zuten debarrek euskal nortasunaren aldarrikapen ia politiko bihurturik. Sinbologiaz betetako ekitaldi harek errepikapen are sendoagoa izan zuen hurrengo urtean, eta, 1965eko egitarauak ageri duen bezalaxe, Club Deportivoko dantzarien bidez izan zen eibartarron ordezkaritzarik beste ehunka dantzarien artean.

Baina, ekitaldi haien arrakastaz ohartuta, orduko erregimenak 1966ko hirugarren tentaldia litekeena ezin izan zuen onartu eta Gobernadore Zibilak debekatu egin zuen ospakizuna. Hala, goizean goizetik Debara hurbildutakoek herria poliziaz hartuta aurkitu zuten Asier Sarasuak utzitako beheko argazkian ikus daitekeen bezala. Arrate Kultur Elkarteak Eibarko I. Euskal Jaia antolatua zuen ordurako, eta elkarte horretako lagun talde bat, Maite Aranberri eta Julio Sarasua -Asierren gurasoak- tarteko zirela Deban izan ziren debekatuta 1966ko Euskal Jaia hartan ere, egun haren honako testigantza fotografikoa jasoz.

 

1966-05-16 Deba-Euskal Jaia_1
Deba, 1966-05-16. Argazkia Asier Sarasuak utzitakoa.

Debekuak debeku, hara joandakoek zer non ospatu aurkitu zutela ikus dezakegu, eta dantzarik behintzat ez zela falta izan.

 

1966-05-16 Deba-Euskal Jaia_2
Deba, debekatutako Euskal Jai eguneko argazkia, 1966-05-16. Asier Sarasuan bidez eskuratutako argazkia

Joandako irailean, 50 urte eta gero, berriz ere hantxe izan ginen Eibarko ordezkaririk Debako lagunen deiari kasu eginez. 1964 eta 1965eko Euskal Jai gogoangarri haietan elkartutako dantza taldeak berriz batu nahi izan zituzten Debako arduradunek. 30 talde izan baziren lehen, 14 talderekin bete ziren oraingoan Debako kaleak. Batzuek desagertuta, besteak ezinean, erdiek diraugu, ahal den neurrian behintzat, dantzan: Andra Mari (Galdakao), Bihotz Alai (Bilbo), Elai Alai (Portugalete), Gaztedi (Bilbo), Goizaldi (Donostia), Irrintzi Alai (Legorretan), Gure Kai (Deba), San Migel de Arretxinaga-Zerutxu (Markina-Xemein), Tronperri (Durango), Udaberri (Tolosa), Haritz (Elgoibar), Kresala (Ondarroa), Txanpa (Ondarroa) eta Kezkakook, noski.

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0008 

Zintzurra epel epel eginda, Agirre Jauregira erropaz aldatzera eraman gintuzten (Gure Kai dantza taldekoak entsaiatzen duten aretoa hain zuzen ere) Haritzeko lagunekin batera.

2014-09-27_euskal-jaia_Deba_OA 11.19.55 

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0154Lehenengo kaleetan genituen aurreikusiak pare bat saio labur, gero azkenik, zumardiko kioskoaren parean hara hurbildutako talde guztiak elkartu eta elkarrekin errepertorio komun bati kolpe egiteko. Agirre Jauregi ederretik, gero beharko genituen erremintak ahal genituen bezala gainean hartuta Foruen plazara bidean den beste plaza edo zabalune batean gelditu ginen lehenengo. Azkar batean zuntzak luzatu eta giharrak apur bat berotu genituen (ezpata-txiki eta kapitainak batez ere) eta gureari ekin genion. Ezpata txiki laukotea estrenatzen genuen: Luken Aranburu, Eider Agirrebeña, Miren Hazas eta Ander Garitagoitia. Jende larregirik ere gabe begira hasieran baina Jose Miguel Laskurain, Roberto Altzerreka eta Iñaki Baruan txistu, danboril eta atabalen doinuak hasi orduko, laister lortu genuen pasearien atentzioa ematea.

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0060 

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0076 

Gure atzetik, leku berean, Tronperrikoen txanda zen eta dantzari-dantzako zati ederrez gozatu ahal izan genuen.

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0201 

Berea bukatu zutenean, kalejiran Plaza Zaharrerako bidea hartu genuen, ezpata luzeak batzuetan goian besteetan behean genituela, batean pauso motelean, bestetan bixi-bixi. Eliza atari haretara jende gehiago bildua zen eta iturria ia ikusi ere ezin zitekeen egin. Oraingoan Tronperrikoak izan ziren lehenengoak dantzatzen.

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0269 

Durangarrek berea bukatuta beste behin gure ezpata-dantza eman genuen. Leku estu xamarrak bildu bildu eginda dantzatzera behartu gintuen baina eliza atariak, erdiko iturria eta etxeen arteko izkina harek argazki ederra eskeinzen zuen, eta horren gozamenean gustura dantzatu genuen jende ugaria begira genuela.

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0347 

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0352

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0362 

Amaitzeko alamedako saio bateratua gelditzen zen. Talde guztiei lehen Euskal Jaiko errepertorio bera dantzatzea proposatu zitzaien: agintariena, binangoa, launangoa, zinta dantza, fandangoa eta arin-arina. Guk horietatik zinta-dantza, fandangoa eta arin-arina egin genuen beste taldeekin batera. 14:00ak ingururako, denok bat eginda, esker oneko berbak eta zenbait oroigarriren banaketa izan zen lehendabizi: 50 urteren buruan ordukoaren eta oraingo honen testigu ziren dantza taldeei, eta batez ere, garaiak garai, euskal senaren pizgarrietako adibide garrantzitsu bihurtu zen Euskal Jai haren antolatzaile izan ziren Oargi taldekoei. Latxanbre ondarrutarraren agurrak ireki zuen eguerdiko dantza saioa. 72 urte! sinesten ez zuenik bazen, bai. Batzuok makurtuta eta besteak lepoak luzatuta, konturatu orduko hasi eta bukatu zen dantza saioa.

2014-09-27_euskal-jaia_Deba_OA 13.55.43 

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0590 

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0626 

2014-09-27_Deba-Euskal-Jaia_Ander-Fernandez-0666

Lanak bukatuta beraz, dutxak, eta dutxen atzetik jai giroan falta ezin litezkeen bazkari eta bazkari osteko erromeria.

2014-09-27_euskal-jaia_Deba_OA 18.07.07 

Besterik ez zaigu gelditzen, Gure Kaiko lagunei eskerrak eman eta haiekin batera bolondres lanetan jardun duten den deneri ere, zorionik beroena, halako egun bereziaz gozatzeko aukera eman zigutelako. Guk bezain ederto igaroko zutelakoan gaude.

2014-09-27_euskal-jaia_Deba_OA 20.39.20 

Hemen Ander Fernandezek Deban ataratako argazki sortak:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com