Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Dantzariz bete zuen plaza Euskal Jaiaren 50. urteurrenak

Dokumentuaren akzioak

Dantzariz bete zuen plaza Euskal Jaiaren 50. urteurrenak

2015/09/17 13:40
Dantzariz bete zuen plaza Euskal Jaiaren 50. urteurrenak

Argazkia: Felix Beitia

Pasa den maiatzaren 31an ospatu genuen Eibarren 50. Euskal Jaia. Urte berezia zela eta berezi ospatu beharra zegoen, eta dantzariok egin genuen gurea: Inoiz dantzari izandako guztiak dantzara gonbidatu eta aspaldian ez bezala bete genuen Untzaga plaza. Urtarrilaren hasieran dantzarako deialdia egin zenetik erantzuna paregabea izan da; 300 pertsona inguru, haur, gazte eta heldu, denak batera plazan, denak batera dantzan. Eguraldia ere lagun izan genuen gainera, eguna are ederrago egin zuena.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: talde argazkia, detaile 2
Argazkia: Iñaki Zugasti

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: talde argazkia, detailea
Argazkia: Iñaki Zugasti

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia 4
Argazkia: Iñaki Zugasti

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia3
Argazkia: Iñaki Zugasti

Goizeko 10:00etan bildu ginen dantzari guztiok Untzaga plazan. Buruko zapiak atondu, dantza-lagunak eta aspaldi elkar ikusi gabekoak agurtu, taldeka antolatu eta bertan atera genuen taldeko argazkia, belaunaldi ezberdinetako dantzari eta txistularien argazki erraldoia.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia
50. Euskal Jaia, 2015. Argazkia: Iñaki Zugasti. Irudia handian ikusteko egin Klik gainean. Argazkia: Iñaki Zugasti

Bertatik, txistulariak aurrean genituela kalejiran joan ginen Urkizuraino. Handik hasten dugu urtero Euskal Jaiko kalejira, eta aurtengoan ere bertan hasi genuen. Taldeak antolatuta, dantzarien atzetik soinujole eta pandero-joleak, aurretik txistulariak, eta hauen aurretik joaldunak. Kalejiran gindoazela jende ugari bildu zen Eibarko kaleetan, alde banatan; Arraguetatik gora, Errebal kalean, Toribio Etxeberrian... Untzaga plazara iritsi arte.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: kalejiran
Argazkia: Felipe Loiola

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Txistulariak oholtzan
Argazkia: Iñaki Zugasti

Txistulari eta trikitilariek salto eta kantuan jarri gintuzten bidean eta Untzagara iristear geundela nabari zen dantzarien artean emozioa eta poza... hainbeste urteren ostean berriro ere plazara dantzara, nor bere garaiko lagunekin, edo baita belaunaldi desberdinetako familiak elkarrekin, aita alabarekin, izeba hilobarekin,... Txistulariak ere ez ziren gutxi, hauek ere aurreko urtean batu zituzten indarrak, inoiz txistulari aritutakoak elkartu eta txistuari soinua ateratzeko gogoz. Denok batera sartu ginen hasieran, plaza bete arte. Honi buelta bat eman eta berriro kanporako bidea hartu genuen soka-dantzari paso emateko.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Desafioa2
Argazkia: Felipe Loiola

Aurreko egunean, ezpalak Jaialdiaren baitan, neska zein mutilek osatutako soka-dantza parekidea plazaratu genuen Untzaga plazan lehenengoz eta hurrengo egunean, lehengo eta oraingo dantzariak batuta geundela aprobetxatuz orain arte XX. mendean gehien egin den soka-dantza egin genuen plazan. Gizonezkoek atera zuten soka aurresku Jose Mari Gerra dantzari heldua buruz zuela eta atzesku, aldiz, Egoitz Blanco gaztea. Aurresku horren bidez gure dantzen transmisioan eta iraupenean ardura nagusia eta lan handiena bere gain hartu dutenak eta hala ere gehienetan itzalean geratu diren pertsonak omendu nahi genituen: emakumeak, andre dantzari-dantzazaleak. Soka-dantzako gonbidatu izatetik soka-dantzako dantzari izatera pasa diren emakumeak.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Soka-dantza, agurra
Argazkia: Iñaki Zugasti

Aurreskua amaituta iritsi zen denontzat dantzarako momentua, Iribasko ingurutxoaren eta Imotzeko esku-dantzaren momentua, urtarriletik landutako abileziak erakusteko momentua. Plaza jendez lepo zegoen; armailak, plazaren inguruak, jubilatuen etxe gaineko barandak, jardinak... dena beteta!  Dantzari beteranoenak jubilatuen etxeko arkupe azpitik egin zuten plazarako sarrera eta gaztetxoenek, beren aldetik, errepide aldetik.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Iribas, Maritxuen sarrera
Argazkia: Iñaki Zugasti

Iribasko inguru handia, billantzikoa, inguru txikia,... den-denak egin eta Imotzeko esku-dantzari ekin genion, salto, txistu eta algara, denok batera kalejiran plazatik irten aurretik. Hori bai hori festa!

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Iribasko ingurutxoa
Argazkia: Felix Beitia

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Imotzeko esku-dantza
Argazkia: Felipe Loiola

Pozari eutsi ezinda irten ginen plazatik. Lagunak eta familia agurtzen hasi orduko Aldolfo Jainaga eta Unai Narbaiza erromeriarekin hasi ziren, eta berehela dantzan ginen berriz hainbat lagun.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Jainaga eta Narbaiza
Argazkia: Iñaki Zugasti

Bazkaritan errekuperatu genituen indarrak. 400 pertsona inguru batu ginen Udaletxe aldean jarritako karpa handian. Eibarko Klub Deportiboak antolatuta ederki jan eta edan genuen denok, bagenekien arratsaldean zer zetorkigun eta.. dantza gehiago!! Patxi eta konpainiarekin oraingoan. Han eta hemengo dantzak egin genituen berarekin, dantza-jauziak, balsak, fandango eta arin-arinak, Oriako sorgin-dantza, mazurka, dantza-jolasak... berandura arte, gelditu gabe aritu ginen. Larrain-dantza izan zen plazan egin genuen azken dantza eta Deportibo aurrean ere egin genuen azkenekoz, egunari amaiera hasiera bezala emateko, dantzan! 

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Bazkaria
Argazkia: Iñaki Zugasti

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Patxi
Argazkia: Iñaki Zugasti

Hona hemen Euskal Jaiaren 50. urteurreneko festa ederrean Felipe Loyola, Iñaki Zugasti eta Felix Beitiak egindako argazki sorta ederra:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com