Azeriaren hortzak zorrozten
Axeri-bodaren emanaldirako hortzak zorrozten joateko Iñaki Arregiren hitzaldia izan genuan atzo Portalea Kultur Etxean. Argia dantzari taldeko dantza-maisuak Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen taldearen ibilbidea, lan-moldea eta sorkuntzak ulertzeko zenbait gako eskaini zizkigun.Hizketa aberats eta atseginaren bidez Axeri-boda ikuskizunaren atzean dauden oinarriak aletu zituen Iñaki Arregik. Argia dantzari taldearen ibilbidea bi aro nagusitan bereiztu zuen, tokian-tokiko bilketa eta emanaldi etnografikoen garaia, eta sorkuntza osagai garrantzitsua duten ikuskizunen ekoizpenen aroa.
Tradizioa eta sorkuntza kontzeptuen inguruan jardun zuen eta Argia dantzari taldetik kontzeptu horiek nola jorratzen diren azaldu zuen. Axeri-bodaren abiapuntuan dauden atsotitzak, Japoniako lotura eta ikuskizunaren osagaiak zehaztuz borobildu zuen hitzaldia.
Bihar Axeri-boda Coliseo antzokian. Sarrera gehienak saldu dira, baina oraindik bakar batzuk geratzen dira.