Dokumentuaren akzioak
Anberesen eskainiko dugu Arrateko ezpata-dantza
Datorren martxoaren 30ean eta 31n, Anberesen, Flandrian dantzatuko du Kezka dantza taldeak, hiri horretako ezpata-dantzaren festa egun handian. Izan ere Anberesko ezpata-dantza edo Antwerpeneko zwaarddans-ak 50 urte betetzen ditu eta Europako hainbat ezpata-dantza gonbidatu izango gara tradizioz ezpata-dantza egin ohi duten asteburuan bertan bertako ezpata-dantza laguntzen.
Kezka dantza taldeak Arrateko ezpata-dantza Antwerpenen eskaintzeko dantzariz eta txistulariz osatutako 36 laguneko taldea eramango du. Ezpatak dagoeneko bidean dira eta dantzariak eta musikariak martxoaren 29an abiatuko dira Bilbotik Bruselara bidaiatuz eta Europako hiriburutik 460.000 biztanle dituen Anberesera.
Europako zazpi ezpata-dantza
Antwerpeneko Lange Wapper taldearekin batera Eskozia, Herbehereak, Valonia eta Flandriako taldeak izango dira jaialdian euskal ezpata-dantzen ordezkari izango den Eibarko taldearekin batera. Hauek dira parte hartuko duten taldeak:
- Teries in Tartan (Hawick, Eskozia)
- In de Kring (Dunkirk, Flandria)
- Nieuwdammer Shanty-Koor (Amsterdam, Holanda)
- Compagnie Galouche (Queveaucamps, Valonia)
- Reintje Vos (Stekene, Flandria)
- Lange Wapper (Anberes, Flandria)
- Kezka dantza taldea (Eibar, Euskal Herria)
Antwerpeneko ezpata-dantzak 50 urte
Renaat Van Craenenbroeck (1937-2001), ezpata-dantzen ikertzaile eta sustatzaileak jarri zuen abian Antwerpeneko ezpata-dantza 1979an Lange Wapper dantza taldearen eskutik. Ordutik, urtero, garizuma erdiko asteburuan, Anberesko katedralaren aurrean dantzatzen da ezpata-dantza, goizean zehar lau emanaldi eginez. Mende erdiko ibilbidea ospatzeko Europako hainbat ezpata-dantza esanguratsu gonbidatu nahi izan dituzte tradiziozko ekitaldian bertan haiekin batera aritu daitezen.
Nazioartean sona handiko ezpata-dantza da Anbereskoa, eta bere hiriko tradizioari dotorezia handiz jarraipena emateaz gain hainbat ezpata-dantza jaialditan parte hartu du, besteak beste 2008an Yorken (Ingalaterra) ospatu zen Sword Spectacular jaialdian.
Asteburuko programa
Anberesko ezpata-dantzaren 50. urteurreneko ospakizun ekitaldiak martxoaren 30ean, larunbatean hasiko dira, Eskozia eta Euskal Herriko dantza taldeen emanaldiarekin. Igandean, ezpata-dantzaren egun seinalatuan, ohiko lau emanaldiekin batera kanpotik etorritako ezpata-dantzak eskainiko dira Anberesko erdigune zahar eta ederrean.
- Martxoak 30, larunbata, 13:00 Eskoziako Teries in Tartan eta Euskal Herriko Kezka dantza taldeen emanaldiak Borgerhout distrituan.
- Martxoak 31, igandea, 8:40ean, 10:00etan, 11:30ean eta 13:00ean emanaldiak egingo dira artisauen merkatuan eta Gorenplaats-en Lange Wapper taldeko lau ezpata-dantzari taldeen eta sei taldeen gonbidatuen eskutik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19