Neskak dantzari-dantzan Bizkaiko Dantzari Egunean

2019/05/24
Neskak dantzari-dantzan Bizkaiko Dantzari Egunean

Iaz talde gutxi batzuetan neskek dantzatu bazuten dantzari-dantza Bizkaiko Dantzari Egunean, aurten talde gehiagotan izan dira neskak ezpata-dantza eginez. Talde askotan mutilak bakarrik dantzatzen dute oraindik, baina denbora gutxian emakumeen parte hartzea dantzari-dantzan orokortzen hasi da. Durangaldeko dantzak izanik, Durangaldean emakumeek dantzari-dantzan parte hartzen hasi ahala, eta Merinaldeko ezpata-dantzari egunean ere parte hartzen hasi ondoren, Bizkaiko Dantzari Eguneko ezpata-dantzarien alarde handian ere hasi dira emakumeak dantzari-dantza dantzatzen.

Bizkaiko Dantzari eguna, Sestao, 2019-05-19. Argazkia: Txebi Arriaga

Bizkaiko Dantzari eguna, Sestao, 2019-05-19. Argazkia: Txebi Arriaga

Pasa den igandean Sestaon ospatu zen Bizkaiko Dantzari Egunean Txebi Arriagak egindako argazkietan ikus daiteke hainbat taldetan parte hartu dutela emakumeek 2019an dantzari-dantzan. Sestaoko futbol zelaira neska-mutilez osatutako ezpata-dantzari taldeak plazaratu ziren, baita emakumeek bakarrik osatutakoak ere, eta baita soilik mutilez osatutakoak ere. Nerabe, gazte eta heldu gutxi batzuk, adin guztietako emakumeak ikusi ahal izan ziren dantzari-dantza dantzatzen. Bizkaiko hainbat dantza taldeetan luzaroan indarrean izan den genero banaketa, umetatik mutilak dantza batzutara bideratzen zituena eta neskak beste dantza batzuetara, kolokan hasi da jartzen orain. 

Bizkaiko Dantzari eguna, Sestao, 2019-05-19. Argazkia: Txebi Arriaga

Bizkaiko Dantzari eguna, Sestao, 2019-05-19. Argazkia: Txebi Arriaga

Durangaldean bertan ezarri dira jatorriz Merinalde horretakoa den dantza errepertorioan genero bereizketarekinn bukatzeko oinarriak azken urteetan. Tartean izan dira besteak beste Durangon 2015eko San Faustotan lau emakumek eta lau gizonezkok dantzatu zutenekoa, Berrizen 2016an udalak dantza taldeekin dantzari-dantzan emakumeen parte hartzea baimentzeko hartutako erabakia edo Iurretan 2018an Mikel Deuna dantza taldeko belaunaldi berria neska eta eta mutilez osatuta plazaratu izana eta San Migeletan eskainitako emanaldia bera.

Bizkaiko Dantzari eguna, Sestao, 2019-05-19. Argazkia: Txebi Arriaga

Bizkaiko Dantzari eguna, Sestao, 2019-05-19. Argazkia: Txebi Arriaga