Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Emakumeak dantzan: gorabeherak, ikerketak eta aitortzak

Dokumentuaren akzioak

Emakumeak dantzan: gorabeherak, ikerketak eta aitortzak

2026/07/08 08:15
Emakumeak dantzan: gorabeherak, ikerketak eta aitortzak

San Fermin dantzak, Zubigainekoa, Lesaka, 2026-07-07. Argazkia: Eneko Etxaniz - Dantzan CC-BY-SA

Lesakatik Lekeitiora, Zumarragara, Baztanetik Hondarribira eta Uztaritzera, azken egunetako albisteek emakumeek tokian-tokiko ohiturazko dantza ekitaldietan duten presentziaren hainbat aurpegi erakutsi dituzte: Lesakan aurten ez da emakumerik aritu ezpata-dantzan eta Zumarragan bi mutil besterik ez;  Lekeition, hirugarren emakume batek dantzatu du Kaxarranka; Baztango Plazara Dantzara kolektiboak aitortza jaso du emakumeen parte-hartzearen alde egindako lanagatik; eta Uztaritzen, Alaia Cachenaut-en doktore-tesiak azken 50 urteotan emakumeek kaskarotetan izan duten lekua eta parte hartzeko egin duten bidea aztertu ditu.

Lesakan aurten neskarik ez

Aurtengo San Fermin egunean Lesakan hamabost gizon izan dira zubi gainean dantzan. Hamabost ezpata-dantzari ateratzen dira plazara jaietako egun handian. Dantzari horiek lekua bermatuta izaten dute eta postua uzten duten urtean, aurretik entseatzen ari diren taldeko dantzariek betetzen dute hutsunea. 2019an dantzatu zuten emakumeek lehen aldiz. Aurreko urteetan prestatzen aritu ziren Alaitz Etxabide, Maddi Taberna eta Leire Pastor; eta hutsik geratu ziren hiru leku eskuratu zituzten. Neska horiek utzi eta beste berri bat sartu zen: Maddi Ane Txoperena. Azken urteetan bera izan da ezpata-dantzari emakume bakarra. Aurten utzi egin du bere lekua eta nahiz eta entseatzen ari diren neska batzuk, oraindik ez zaie txanda egokitu.

Zumarragako argazkia, berriz, bestelako da. Mutilak desagertzen ari dira. Santa Isabel egunean Antion dantzatzen den ezpata-dantzan hamalau dantzariren artean bi bakarrik dira mutilak. 2015ean atera zuten neska-mutilek osatutako ezpata-dantzari taldea, eta pixkanaka pixkanaka mutilak gutxitzen joan dira.

Zumarraga ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Santa Isabel, Antio, Zumarraga, 2026-07-02. Argazkia: Goierriko Hitza

Hirugarren emakumea kaxarrankan

Naia Rojok dantzatu du aurten San Pedro egunean kaxarranka Lekeition. San Pedro egunean Lekeition dantza hau dantzatzen duen hirugarren emakumea da Rojo. 2022an dantzatu zuen emakume batek lehen aldiz; Ane Maruri izan zen lehena. Emakumeak parte hartzen hasi aurretik azken 50 urteetan bi pertsona bakarrik aritu dira kaxa gainean dantzan: Pedro Murelaga eta Asier Uskola. Urte luzez eutsi diote postuari; Murelagak 34 urtez dantzatu zuen eta Uskolak 20 urtez. Orain emakumeen parte-hartzearekin batera Etorkizuna dantza taldeko kideek erabaki dute txandan txandan hainbat dantzariri ematea kaxa gainera igotzeko aukera. Horrela, 2022an Ane Maruri, 2023an Asier Uskola, 2024an Unai Urkiaga, 2025ean Olatz Maruri eta 2026an Naia Rojo aritu dira.

Kaxarranka 2026
Naia Rojo kaxarrankan, San Pedro, Lekeitio, 2026-06-29. Argazkia: Lekeitioko Udala

Plazara Dantzara-k Hondarribia saria

Baztango Plazara Dantzara kolektiboak jaso du Jaizkibel konpainia parekidearen saria, dantza tradizionaletan emakumeen parte hartzea bermatzeko urte luzez egindako lanaren aitortza gisa. Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia, baina ez da lotura geografikoa bakarrik: bi herriek emakumeek jaietan eta tradizioetan duten lekuaren inguruko borrokan presente izan dute. Hondarribian alarde parekidearen aldarria izan da eztabaidaren erdigune; Baztanen, berriz, mutil-dantzetan emakumeek dantzatzeko eskubidea. Bi kasuetan, tradizioaren, boterearen eta genero-harremanen arteko talkak bidea zaildu du. Hala ere, urteetako ahaleginaren ondoren, emakumeek gero eta toki handiagoa irabazi dute plazan, eta saria ibilbide horren aitortza ere bada

Plazara Dantzarak Hondarribia Berdintasun Hiria
Plazara Dantzara kolektiboko kideak Hondarribia Berdintasun Hiria saria jaso berritan. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku

Doktoretza eskuratu du Alaia Cachenautek

Alaia Cachenaut-ek doktore-tesia defendatu du Tolosan (Okzitania), Jean Jaurès Unibertsitatean. Uztaritzeko ihauterietako kaskarota bilakatu. Kultura-bizitzan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu, negoziatu eta erabaki izenburuko ikerketan, azken 50 urteetan Uztaritzeko kaskarotetan emakumeek izan duten lekua, genero-harremanen bilakaera eta kultur bizitzan parte hartzeko eskubidea aztertu ditu.

Alaia Cachenaut
Alaia Cachenaut, Ahurti, 2026-07-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzaren barruan gaztetatik bizitako hainbat desberdintasunek hainbat galdera sortu zizkioten: Zergatik egiten zituzten mutilek dantza batzuk eta neskek beste batzuk? Zergatik ziren aldaketa batzuk posible eta beste batzuk ez? Galdera horiei erantzun nahian itzuli zen dantzaren mundura, oraingoan antropologoaren begiradarekin. Bide horren emaitza da emakumeek Uztaritzeko kaskarotetan azken mende erdian izan duten parte-hartzea eta hura ahalbidetu duten negoziazio eta aldaketak aztertzen dituen doktore-tesia.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)