Baztango dantzen zauriak eta erronkak
Mutil-dantzak, Elizondo, 2013-07-25. Argazkia: Pello San Millan
Baztango mutil-dantzen inguruan urteetan izandako gatazkaren ondoren, plaza parekideak izatea lortu dela nabarmendu du Garbiñe Elizegik, baina horrek ez du esan nahi prozesua amaitu denik: “Nahiz eta gaur egun lortu den, borrokaren ondorioz, plazak nolabait parekideak izatea, eta edozein pertsonak parte hartu ahal izatea, oraindik ere badaude zauriak eta badago nolabaiteko ahalegina mutil-dantza horiek desprestigiatzeko edo dantzei indarra kentzekoa”.
Dantzaren inguruan sortutako zauriak, bertako dantzen prestigioa, ondarearen transmisioa eta genero-rolak lantzen jarraitu beharra azpimarratu du Garbiñe Elizegik On Daizielan irratsaioan.
Hausnarketa horren barruan kokatu dituzte Baztango Plazara Dantzara ekimenak antolatutako bi mahai-inguruak. Irailaren 17an egindakoak, Baztango dantzen egungo egoerari erreparatu dio, eta ostegun honetan, urriaren 8an, egingo denak, begirada Euskal Herriko plazetara zabalduko du dantzaren eta generoaren arteko harremana aztertzeko.
Euskal Irratietako On Daizielan irratsaioan, Ainize Madariagak Garbiñe Elizegi elkarrizketatu du, eta bi saioen abiapuntuez, Baztango mutil-dantzen inguruan egindako ibilbideaz eta hemendik aurrerako erronkez aritu dira.
Baztango dantzen egungo egoera aztertzen
Baztango mutil-dantzen inguruan urteetan izandako gatazkaren ondoren, plaza parekideak izatea lortu dela azaldu du Elizegik, baina horrek ez du esan nahi prozesua amaitu denik: “Nahiz eta gaur egun lortu den, borrokaren ondorioz, plazak nolabait parekideak izatea, eta edozein pertsonak parte hartu ahal izatea, oraindik ere badaude zauriak eta badago nolabaiteko ahalegina mutil-dantza horiek desprestigiatzeko edo dantzei indarra kentzekoa”.
Plazara Dantzarako ekimenaren ordezkariaren ustez, gertatutakoa aitortu eta haren ondorioei erreparatu behar zaie: “Aitortza izan behar da gertatu denaren inguran. Gertatu da hemen egiturazko zapalkuntza bat delakoz, eta egoera aski bortitza izan da”. Horrez gain, Baztango ondare kultural gisa duten aitortza berreskuratzea ere bada ekimenaren helburuetako bat.
Lehen mahai-inguruan Baztango dantzetan aritzen diren hainbat lagunek parte hartu dute. Elizegiren arabera, hainbat gako agertu dira saioan, eta gatazkaren ondorioek gaur egun ere eragiten dutela ikusten du: “Dantza parekideak izanda ere, mutil-dantzaren desprestigiatzea gertatzen da; adibidez, eskoletan ez erakustea edo jendeak plazatik alde egitea”. Mutil-dantzek Baztanen duten lekua ere aztertu dute; “ikusten dugu, agian modu kontzientean edo inkontzientean, garrantzia kendu zaiola bertako dantzari, eta lehenetsi direla, adibidez, Euskal Herriko beste tokietako dantzak”.
Feminizazioa eta prestigioa: gizonen ardurak
Bertako dantzak indartu beharra azpimarratzen du eta baita komunitateak duen ardura ere: “Hemendik aitzina mutil-dantzak indartu behar ditugu gure ondarea direlako. Eta horren ardura gizarte osoarena dela nabarmendu du; “ez da bakarrik emakumeen edo feministen ardura”.
Generoaren eta dantzaren arteko harremanari dagokionez, Baztango errealitatean gizonek eta emakumeek dantzarekiko duten harremana ere aztertu beharra dagoela dio Elizegik. “Mutilek eta gizonek dantzatik alde egiten badute eta emakumeak hor baldin badaude, nolabait, prestigio sozialarekin lotuta eta genero-zapalkuntzarekin lotutako erabakiak dira”. Horren aurrean, gizonek ere badute ardura ondarearen transmisioan: “Herri honetako gizon eta mutilen ardura ere bada transmisio hori egitekoa eta ondare hori bizirik mantentzekoa”.
Horregatik, egoera horiek aztertzea proposatzen du: “Nik uste dut denen artean aztertu behar dugula zergatik gertatzen den hori, nola gertatzen den eta nola ematen ahal zaion buelta”. Horretarako, mahai-inguruak eta elkarrizketarako espazioak beharrezkoak direla uste du.
Genero bazterketarik gabeko dantza-plazak
Dantza komunitatearen ondarea dela abiapuntu hartuta, plazak pertsona guztientzat irekiak izatea da Plazara Dantzara ekimenaren helburuetako bat. Herria batzeko eta sendotzeko tresnatzat hartzen dute dantza: “Uste dugu komunitatearen kohesiorako tresna izan daitekeela dantza, kultura anitzetan erabiltzen dena komunitatea sendotzeko eta kohesionatzeko”. Horregatik, komunitate osoak parte hartu behar duela dio, eta generoaren araberako banaketek kontrako efektua dutela.
Baztango esperientziatik abiatuta, aurrera begirako plaza beste modu batean eraiki nahi dute: “Goazen orain etorkizuna beste modu batera egitera, non inor ez den sentitzen beldurrarekin edo zalantzarekin plazara ateratzeko eta gorputza mugitzeko eta gozatzeko”; baina horrek, generoaren araberako rolak eta hierarkiak gainditzea eskatzen du; “barrenean ditugun eraikuntza horiek, erabat patriarkalak eta matxistak izan direnak, gure baitan desegin behar ditugu, banakako edo kolektibo bezala”.
Dantza eta tokiko kultura landa-eremuarekin lotuta daudela ere gogoratu du Elizegik. Bere ustez, “euskal kulturaren transmisioarekin lotutako erresistentzia praktika ere bada dantza, baina erresistentzia hori ez da ematen ahal emakumeak eta genero-disidenteak zapalduak gauden bitartean”.
Baztanetik Euskal Herrira
Urriaren 8ko mahai-inguruarekin begirada Baztanetik Euskal Herrira zabaldu nahi dute. Dantza plazak eta generoa saioan Ihitz Iriart, Maite Irizar eta Oier Araolaza izango dira hizlari, eta Isabel Jaurena arituko da moderatzaile.
Lehen mahai-inguruan tokiko ikuspegia jorratu dute: “Tokiko ikuspegia inportantea da, herritik egindakoa, gure artekoa. Azkenean, gurea herri-mugimendua da, eta hor inportantea da bertako esperientziak partekatzea eta elkarbanatzea”. Bigarrenarekin, berriz, Euskal Herriko beste plaza batzuetan gertatzen denari begiratu nahi diote.
Elizegik uste du toki bakoitzak bere errealitatea izan arren badirela partekatzen diren hainbat kontu: “Badira amankomunean izango ditugun erronkak. Desberdintasunak ere segur aski egongo dira, baina baliagarria izan daiteke elkarren artean soluzio bateratu bat planteatzeko”.
Kattalin Agerre