Dantza irudi eder eta historikoak eskura, dohain eta erabilgarri

2017/03/14
Dantza irudi eder eta historikoak eskura, dohain eta erabilgarri

Dantzari buruzko argazki mordoa topa liteke New Yorkeko Metropolitan Museumek duela gutxi lizentzia irekian sareratu dituen argazki-sorta handian. Nabarmena da irudion aniztasuna, izan ere, dokumentuen artean topa litezke Goyak marraztutako Andaluziako dantza bat, Zipreko soka-dantza baten terrakotazko irudia, edota Berpizkundean obispoz eta eskeletoz osatutako heriotzaren soka-dantza bat.

Nekazariak dantzan, Suitza, Zurich 1572–1658. Egilea: Dietrich Theodor Meyer. Irudia: New York Metropolitan Museum

Irudiok domeinu publikokoak direnez, nornahik erabil, erreproduzitu edota eralda ditzake nahieran, Creative Commonsen webguneko ondorengo loturan bilatuta. Oro har, Metropolitan Museumek bi maila ezartzen ditu bere irudien erabilera baimentzeko. Sorta honekin, beraz, milaka irudi jarri dituzte domeinu publikoan. Horrekin batera, lizentzia librea dutenez, egilearen aitortza ez da beharrezkotzat jotzen. Dantzan.eus-en esaterako, Creative Commonsen jarraibideen barruan, erabilera —ez komertzial— irekian argitaratzen ditugu argazkiak, eta egilearen eta jabetzaren aipamena eskatzen dugu (CC-BY-SA delakoa).

El Vito, Andaluziako dantza. Egilea: Francisco Goya. Irudia: New York Metropolitan Museum

Irudi-sorta aberatsa

Guztira, 375.000 irudi inguru jarri dituzte sareko erabiltzaieen eskura. Museoan dauden objektuen argazkiak dira, eta haien oinarrizko informazioa gehitu diote irudi bakoitzari. Gizateriaren 5.000 urte inguruko historia jasotzen da bertan eta, oinarrizko bilaketa bat eginda, dantza gai nagusitzat duten irudi asko aurki litezke.

Dantza-lezioa (haur beltza dantzan), AEB Pennsylvania Philadelphia, 1844–1916 . Egilea: Thomas Eakins. Argazkia: New York Metropolitan Museum

Halako informazio bolumena duen irudi piloan, bilaketak nahi ahala luza litezke; batez ere, gai zehatz batean gainean lanean arituz gero. Hasierako bilaketa orokor bat egin eta, jatorri eta izaera zabaleko irudiak aurkituta, dantzari zuzenan lotutako irudi ugari aurkitu ditugu. 

Terrakotazko estatuak soka-dantzan, Zipre. Egilea: anonimoa. Argazkia: New York Metropolitan Museum

Antzinako historiatik hasita, Erdi Aro eta Berpizkundeko zenbait irudi eta grabatu daude. Komunitate-dantzak ageri dira oro har, soka-dantzak eta festa herrikoiak. Nabarmentzekoak dira Italian kokatutako heriotzaren dantza, eta Bruegel flandriarraren eskolako irudia. 

Kontra-dantza, Herbehereak, XVI. mendea. Egilea: anonimoa. Argazkia: New York Metropolitan Museum CC-BY-SA

XVIII. mendetik aurrera, Francisco Goyak egindako Andaluziako El Vito izeneko dantzaren marrazkia aurki liteke, baita XX. mendeko abangoardietaraino doazen estiloen aniztasuna ere. Eskuz marraztutako irudiekin batera, lehen argazkiak eta dantzaldien kartelen diseinuak daude bilduman. 

Bost putti dantzari, Italia, Bologna 1474–1552. Egilea: Amico Aspertini. Irudia: New York Metropolitan Museum

Nekazarien eztei-dantza, Herbehereak 1525-1569. Egilea: Pieter van der Heyden. Irudia: New York Metropolitan Museum

Heriotzaren dantza, Alemania, XVI. mendea. Egilea: anonimoa. Argazkia: New York Metropolitan Museum

Kontra-dantza, Italia, Venezia, 1727–1804. Egilea: Giovanni Domenico Tiepolo. Argazkia: New York Metropolitan Museum

 

Dantza 1852–1911 AEB Philadelphia, Pennsylvania Egilea: Edwin Austin Abbey. Argazkia: New York Metropolitan Museum

 

Loie Fuller dantzan, 1870–1940. Egilea: Samuel Joshua Beckett. Argazkia: New York Metropolitan Museum

 

Burezurren dantza. Egileak: José Guadalupe Posada eta Antonio Vanegas Arroyo. Irudia: New York Metropolitan Museum

Ondorengo loturan egin litezke Metropolitan Museumek sareratutako irudien bilaketak.