Donostiako Euskal Billera elkartea dantzan
Donostiako Euskal Billera elkarteko kideen aurreskua, Hernani, 1922-07-22. Argazkia: Ricardo Marin - Kutxa Fundazioa Fototeka
Donostiako Euskal Billera elkarteak zenbait soka-dantza eta inauteri antolatu zituen XX. mendeko 20ko hamarkadan. Kutxaren Fototekan dauden irudiotan jasotzen da dantzak eta errituek orduko bizitza sozialean zuten toki eta garrantziaren erakusgarria.
1901ean sortua, batez ere Donostian haurren lehen danborrada egin izanagatik da ezaguna Euskal Billera. Kaitik bertatik bertara dagoen elkarteak aktibo segitzen du, bereziki neguko festen bueltan, haur zein helduentzako danborrada eta kaldereroen konpartsekin.
Soka-dantza artzai eta inudeen berreskurapenean (1922)
Otsailaren 26an “berreskuratu zuen Euskal Billerak hamar urte lehenago 1912an egiteari utzitako artzai eta inudeen konpartsa. Inauteri igandez egin zuten, Kandelario eguna jaiegun izatetik lanegun izatera igaro zenean”.
“Alkateak Konstituzio Plaza haurrei eman zien dantzaldia eta aurreskua egiteko”,
Bai zumez egindako aginte-makil borobilduekin hartu ere!
Trabestismoa atzo goizeko kontua ez dela erakusten digu, sokara ekarritako "Petit Maira (ondo mutiko ederra)” izendatuak. “Guztiak haren agindutara” aritu zirela dio argazki-sortako testuak.
Soka-dantza Hernanin (1922)
Uztailaren 2an, elkartearen hogeitabatgarren urteurrena ospatzeko, egunpasa egin zuten Hernaniko Epela auzoan. Autoritate instituzionalek egindako soka-dantza egin zen tartean. “Bazkarian, elkartearen zuzendaritzak hartu zuen lehendakariaren mahaia; alkateak, Azkona jaunak, eta gorteetako diputatu zen Tenorioko markesak. Bazkalostean aurreskua dantzatu zen eta jarraian dantzaldia izan zen”.
Gaur egun gutxitan ikusten den jarreran, besoak gerrian dituela ari da aurreskularia:
Gipuzkoa aldean gaur egun ez da ia ikusten sokari helduta dantzatzen den aurreskularirik. Izan liteke zubia abiatzen hasteko unean egotea, baina argazkian dantzan ari dela dirudi.
Dantzari-talde edota kofradia askok darabilten moduan, irteera elkarteko banderarekin egin zuten Euskal Billerakoek.
Irudirik ez den arren, egun osoko festan denetarik izan zen. “Goizean goiz, Alde Zaharrean barrena ibili zen Irutxulo Banda”. Soka-dantzaren ostean aipatzen den dantzaldiko irudirik ere ez da, eta aipatzen da halaber, “arratsaldea amaitzerakoan Donostiara itzuli ziren, eta festarekin jarraituz, suzko zezena izan zen Plaza Nagusian”.
Ezpata-dantzarien soka-dantza (1922)
Urriaren 1ean, “Haurren inude eta artzaien konpartsa, Euskal Billera elkarteak antolatua eta Konstituzio plazan egina. Ezpata-dantzariek aurreskua dantzatu zuten. Plazako lauki luzea sokaz itxita zegoen, ohi bezala. Irutxulo bandak alaitu zuen festa. Eguerdi aldera, konpartsa jendetsuek desfilatu zuten: iñude, artzaiak, ezpata-dantzariak, karameleroak, barkilleroak, praktikanteak, alkatea, aguazilak, etab.”
Ezpata-dantzari haur-gazteak galtza motzekin ari dira dantzan, garai hartan ohikoa zen adin bereizketa-ereduan.
Eskuz esku beharrean, neskak sokara sartzerakoan, zapiekin helduta osatu zen soka.
Haurren esku-dantza (1923)
Otsailaren 13an, “Artzai, iñude eta kaldereroen konpartsa, Konstituzio plazan. Euskal Billera elkarteak haurren aurreskua antolatu zuen inauterietako astelehenerako, baina, eguraldi txarra zela eta, inauterietako asteartera aldatu zuten”.
Hemen ere besoak gerrian dituela ari da aurreskulari gaztea bakarkako lanean. Gonbidatuak sokan daudenez, bigarren desafioa izan daitekeenean.
Beste honetan zubia egiten ari dira:
Soka-dantza eta zinta-dantza (1924)
Antzeko segitu zuten, inauteri igandez artzai eta inudeen konpartsaren ondoren soka-dantza egiten. Ondorengo argazkian, mutikoak neskari txapela buruan jarri dion unea ageri da. Juan Inazio Iztuetak ere gizon-dantzan, txipiritona dantza deskribatzean jasotzen du keinu hori: aurreskulariak dantzan ari zela gonbidatuari zion buruan txapela, eta ondoren, gonbidatuak ere txapela itzultzen zion dantzariari dantzan
Argazki-sortaren testuan aipamen zehatzik egin ez arren, soka-dantzaz gain, zinta-dantza egin zuten inudeek.
Pilotariak, kaldereroak eta erromeriak
San Sebastian eguneko haurren danborradarako soldadu-jantziak erabili arren, maiz erabiltzen zuten osagarri gorriz apaindutako jantzi zuriarekin ageri dira behin baino saio gehiagotan.
1943ko honetan jantzi zuriaren aldaerak ikusten dira, osagarrien arabera, pilotari edo dantzarientzat.
Txofreko zezen-plazan egindako zenbait ekitalditan halaxe ari dira, gazte zein helduak.
Donostiako Kaldereroen ohiko konpartsetako bat da gaur egun Euskal Billerakoa. Estrainezkoz, 1909an hasita, 1923an karrozan daude kaldereroak.
Oro har, danborradarekin eta gastronomiarekin lotzen da Euskal Billera elkartearen jarduna. Dantzak erritu, protokolo eta festan zuen presentziak bestelako aitortzarik eskatzen ez zuen garai baten isla dira donostiar elkarteak antolatutako jardueren argazkiok. Festa eta ospakizun askotako argazkiak daude Kutxako Fototekan; esaterako, Mari kalean, elkartearen atarian, 1918ko maiatzaren 22an Santa Rita eta Santa Kiteria ospatzeko egindako egun osoko erromeria.
Iturria: Kutxa Fundazioa Fototeka
Kajoitxu