Dokumentuaren akzioak
Besta Berri segizio koloretsuak zuri-beltzean
Segizio arranditsu eta koloretsuak kaleratu ohi dira Besta Berriz. Zapurrak, oilarrak, sarjentak, kaporalak, alabardariak, banderariak... batzen dira bata bestaren atzetik Nafarroa Behereko eta Lapurdiko prozesioetan. Militar estiloko arropa dotoreak jantzita, musikarien erritmora aurrera eta atzera eta banderak eskuin-ezker. Zuri-beltzean bada ere atzeman daiteke festaren kolorea.
Bilketa.eus-en kuxkuxeatu eta Besta Berriko irudi eder hauek aurkitu ditugu. Material benetan interesgarria biltzen du Baionako mediatekak bultzaturiko atari-digitalak: liburuak, erreferentziak, aldizkari eta prentsako artikuluak, ikonografia... Lau argazki jaso ditugu, Lekorne (L), Itsasu (L), Eiheralarre (NB) eta Barkoxen (Z) hartuak XX. mende hasieran.
Besta Berri, Itsasu 1900 cc.
Zapurrak, oilarrak, sarjentak, kaporalak, alabardariak eta banderariak argi eta garbi agertzen dira argazki honetan. Ezkerreko azken planoan, elizako dorrea ere zuhaitzen artean ikusten da.
Besta Berri, Lekorne, 1936
Besta Berri segizioa frontoiaren aurrean. Zapurrak eta oilarrak aurrez aurre ikus daitezke eta gainerako segizioa bizkarrez.
Besta Berri, Eiheralarre, 1900 cc.
Besta-Berriko figurak identifikatu ditzakegu argazki honetan: zapurrak, musikariak, soldaduak, banderariak, makilariak... Bilketa.eus-en adierazten da posible dela Besta Berri jaia izan beharrean, apez-sartze bat izatea. Izan ere aurre-aurrean apaiza sotanarekin da eta ez mezako jantziekin. Eta horrelako ekitaldietan ere ohikoa izan da Besta Berriko pertsonaiak biltzea.
Besta Berri, Barkoxe
Barkoxeko Doctor Delanghe-k ekoitzitako Euskal Herriari buruzko argazki eta postalen bildumako argazki bat da honakoa. Ez da argi Besta Berriko irudiak diren, baina bai prozesio batekoak.
Dokumentuaren akzioak