Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Iritsi dira inauteriak, gora ezkonberriak!

Dokumentuaren akzioak

Iritsi dira inauteriak, gora ezkonberriak!

2023/02/17 10:20
Iritsi dira inauteriak, gora ezkonberriak!

Jauna eta anderea, Zuberoako maskaradak, Pettarreko maskaradak, 2020-02-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ezkontzen irudikapenak edo ezkonkide tankera duten mozorroak ohikoak dira inauteri jaietan. Euskal Herriko hainbat inauteritan agertu ohi dira ezkonberrien tankerako mozorroak, edo gutxienez dotore jantzitako jaun eta andereak. Ezkontzaren irudikapen horretan ustez inauteriek dakarten bizi berriaren irudikapena ikusten du zenbaitek. Hain zuzen, ez da arraroa izaten haurdun irudikatzea ezkonberria, bizitza berria erditzeko prest. Bikote dotore ala irrigarri horietan genero rolak trukatuta ageri daitezke, ala ez, adin tarte handiak izan ditzakete ala ez, bikote izan litezke ala ez...

Zuberoa

Zuberoako maskaradetan bi bikotek parte hartzen dute: jauna eta andereak eta laborari eta laborarisak. Barrikadetan aintzindarien atzetik dantzatzen dira eta arratsaldeko ofizioen saioan musikarien alboan esertzen dira beraientzat erreserbatutako aulkietan. Txorrotxek jaunaren ezpata zorrozten dute eta kauterak jaunaren pertza konpontzen saiatzen dira. Zenbait maskaradatan bi bikoteek kontra-dantzak dantzatzen dituzte eta branlean soka ere gidatzen dute.

Joimo Aranzet
Joimo Aranzet laborari, Anderea eta Jauna, Aloze-Atharratzeko maskaradak, Arrokiaga, 2008-03-17. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Laborariak, anderea, jauana
Laborariak, anderea, jauana, Zalgize-Iririko maskaradak, Zalgize, 2014-02-02. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Jauna eta Anderea
Ezkerretik hasita, lehenengo hirurak laboraria, jauna eta anderea, Zuberoako maskaradak, Musikildi, 2018-01-07. Argazkia: Aritz Ibañez - Dantzan CC-BY-SA

Jauna eta Anderea
Jauna eta anderea, atzean beltzez laborariak, Zuberoako maskaradak, Pettarreko maskaradak, 2017-02-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Maskaradak Barkoxe 1960
Barkoxeko maskaradak, 1960. Argazkia: Etxahun kultur elkartea.

Maskaradaka Bildozen 1920an
Jauna eta Anderea, Bildozen, maskaradak, 1920. Argazkia: Baionako Euskal Museoa.

Juan Antonio Urbeltzek beste aukera bat proposatu izan du. Zuberoako maskaradetako ezkonkideak Jauna eta Anderea izan beharrean, Anderea eta Itzaina (Laboraria) liratekeela senar-emaztegaiak, eta beraz, Jauna Anderearen aita litzatekeela eta Laborarisa itzainaren semea. Horren inguruan idatzi zuen Bailar el Caos (Pamiela, 1994) liburuan eta hain zuzen "Irulea eta Itzainaren arteko ezteiak" ospatzen ziren Urbeltzek berak zuzenduta Argia dantzari taldeak 1997an estreinatu zuen Kondharian ikuskizunean.

Kondharian ezteiak
Ezteiak, Kondharian, 1997, Argia.

Donibane Lohizune

Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak inauteri garaian kaleratzen duen kaskaroten segizioan jauna eta anderea eta laborari bikotea agertzen dira. Senar-emazteen irudikapena urte berriaren sinbolotzat iradokitzen dute. Duela urtebete laborariak txertatu zituzten kaskaroten taldean, urte zaharraren sinbolo gisa.

Anderea eta Jauna
Anderea eta Jauna, kaskarotak, Donibane Lohizune, 2023-02-05. Argazkia: Sylvie Demarcq - Begiraleak elkartea

Laborariak
Laborariak, kaskarotak, Donibane Lohizune, 2023-02-05. Argazkia: Sylvie Demarcq - Begiraleak elkartea

Altsasu

Inauteri asteartea izaten da Altsasuko inauterietako egun nagusia. Pertsonaia nagusiak momotxorroak badira ere, beste hainbat mozorro ateratzen dira kalera handik eta hemendik. Horien artean ia urtero agertzen da ezkontzaren irudikapena. Senar-emazteak, gonbidatuak, apaizak...

Ezkontza Altsasu
Inauteri asteartea, ezkontza, Altsasu, 2006-02-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Ezkontza Altsasu
Inauteri asteartea, Altsasu. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Basusarri

Basusarriko kaskaroten segizioko zirtzilen taldean ezkongaiak ere agertu izan dira.

Ezkontza Basusarri
Zirtzil bikotea, Basusarri. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Eibar

Koko-eskea eta koko-dantzak egiten dituzte inauterietan Eibarko baserrietan. Koko-marruak eta koko-dantzariak baserriz baserri ibiltzen dira dantzan. Horien artean ibiltzen dira Arraguetako Ama Birjina eta Batista kojua ere saltsan. Beste zenbait pertsonaiarekin batera koko-marruen soka-dantza dantzatzen du bikoteak.

Ezkontza koko-dantzak
Arraguetako Ama Birjina eta Batista kojua, koko-eskea, Eibar, 2012-02-04. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Koko-dantzak 2022
Arraguetako Ama Birjina eta Batista kokua Eskaregin. Koko-dantzariak Eibarren, 2022-02-19. Argazkia: Felipe Loiola / Kezka dantza taldea (cc) by-sa

Ezkontza koko-dantzak
Arraguetako Ama Birjina eta Batista kojua, koko-eskea, Eibar, 2012-02-04. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Ituren

Malerrekako inauterietako egun nagusiak urtarrileko azken asteburu ondorengo astelehena eta asteartea dira. Joaldunekin batera hainbat mozorro agertzen dira Zubietako eta Iturengo kaleetan. Tarteka ezkongaiak edo senar-emazteak irudikatzen dituzte.

Ezkontza
Iturengo mozorroak, Ituren, 2013-01-30. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Euskal Herriko mugaz gaindi

Gurean ez ezik Europako hainbat inauteritan ikus daitezke bikote, ezkonkide edo ezkontzaren antzezpenak eta trufak.

Silio (Kantabria)

Urteko lehenengo igandean ospatzen dituzte inauteriak Kantabriako Silio herrian, La Vijanera deitzen diote jaiari. Madama, Mancebo eta Marquesitoak festako klase diruduna errepresentatzen dute. Tradizioaren arabera, Marquesitoak ezkontzako diruak jartzen ditu. Etorriko den berri hori irudikatzen dute, udaberriaren etorrera eta ziklo berriaren hasiera. Los guapos deiturikoak ere, madama eta manceboaren beste bertsio bat lirateke. Euren jantzi zuriek aberastasuna eta estatus soziala erakusten dituzte. Agureak eta atsoak, aldiz, igarotako denbora sinbolizatzen dute, estatus baxukoak dira, eta bizi honetan geratzen zaien denbora motza da. Pasa den urtearen sinbolo gisa hartzen dituzte.

Ezkontza
Mancebo, Madama, eta Marquesitoa, La Vijanera inauteriak, Silio (Kantabria), 2013-01-06. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Senar-emazteak
Los guapos, La Vijanera inauteriak, Silio (Kantabria), 2008-01-06. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Laborariak
Atsoa eta agurea, La Vijanera inauteriak, Silio (Kantabria), 2008-01-06. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Laborariak
Agurea eta atsoa, La Vijanera inauteriak, Silio (Kantabria), 2019-01-06. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Rocca Grimalda (Italia)

La Lachera inauteriak ospatzen dituzte Italiako Rocca Grimalda herrian. Bertako inauterietan Euskal Herrikoekiko antzekotasunak topa daitezke. Besteak beste, dantzariek bolant-dantzarien itxura bertsua dute eta ezkontza ere irudikatzen dute.

Ezkontza
Rocca Grimaldako (Italia) Lachera inauterietako senar-emazteak, Rocca Grimalda, 2012-02-12. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Valfloriana (Italia)

Valfloriana Italiako Trento probintziako herria da eta bertako inauteri jaietan ezkontzen irudikapenak eta parodiak agertzea ohikoa da.

Ezkontza
Ezkonberriak, Valfloriana (Italia).

Teisendorf (Alemania)

Alemaniako Teisendorf herriko inauterietan gizon altu eta boteretsuak emaztea errepresentatzen du, emakume txiki eta goxoak, berriz, senarra. Ezkongai zein gonbidatuek genero rolak trukatzen dituzte inauterietan antzezten duten ezkontzan.

Ezkontza
Teisendorfdeko (Alemania) inauteriak, ezkontza.

Ezkontza
Teisendorfdeko (Alemania) inauteriak, ezkontza.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Joana Artza

Joana Artza