Dokumentuaren akzioak
Oñatzen urteurrena utzi dugu bertan behera
Oñatiarrok dakizuenez azken hilabeteetako ekintzak bertan behera utzi behar izan ditugu COVID-19a dela-eta. Eta, itxaropentsu aritu bagara ere, aurreikuspenak ez dira batere onak, aurrera begira. Hortaz, koordinatzaile taldeak proposatuta eta urteurreneko lan talde txiki guztietako arduradunek onartuta, erabaki dugu 2020. urteko ekitaldi eta ospakizun guztiak bertan behera uztea.
Erabaki zail bezain gogor hori hartzeko arrazoiak hainbat dira: alde batetik, uda osteko hilabeteetarako ez dago ziurtasunik bat ere ez, beste alde batetik, lan talde txiki horiek guztiek ziurgabetasun horretan lan egiten jarraitzeko eskatzeari ez diogu zentzurik hartzen, izan ere, arazoak izango lituzkete edozer kontaktu egiten dutela ere, eta, azkenik, balizko ekitaldiek aurrera egingo balute ere izango diren politika murriztaileen berri ez daukagu oraindik, eta, ziur asko, guztiak eraldatu beharko genituzke.
Hori guztia horrela izanda eta guztiontzat onena dela pentsatuta, erabaki dugu 2020. urterako aurreikusita geneuzkan jarduera guztiak 2021. urtera atzeratzea. Pentsatuko duzuen moduan, erabaki hau hartuta ere ez dakigu datorren urtean zelan izango den egitaraua, ezta ere zelan bizitzeko aukera izango dugun, baina, behintzat, urtebete atzeratuta denbora eta arnasa pixka bat hartuko dugu perspektiba hartu eta datorrenari aurre hobeto egiteko.
Bien bitartean aurreko hilabeteetan zuekin partekatutako proposamenak helarazten jarraitzea gurako genuke, eta zuekin dugun hartu-emana sendotu; izan ere, etxean bagaude ere, dantzariak gara eta gogotsu jarraitzen dugu. Horregatik guztiagatik, jarrai gaitzazue gure sare sozialetan eta edozein proposamen, mezu, kritika edo dena delakoarekin egingo dugu aurrera.
Aupa Oñatz!
Dokumentuaren akzioak