Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oñatz dantza taldea Oñatiko inauteriak, Oñatz dantza taldearen 50. urteurrenean

Dokumentuaren akzioak

Oñatiko inauteriak, Oñatz dantza taldearen 50. urteurrenean

2020/02/15 07:55

Ilbeltza joan zaigu dagoeneko, Soka dantzarekin eta tertuliarekin gozatuta. Kolore urdin, gorri eta zuriak eman diote bizitasun eta tonalitate aberatsa urtarrileko iluntasunari, eta gorulariok gaude oso harro herritarron muga bariko eskuzabaltasunaz: eskerrik asko.

 2020. urteko lehendabizikoari eman diogu, hortaz, amaiera, eta irrikaz gaude bigarrenekoa ospakizunez gozatzeko. Izan ere, bigarren honetan euskaldunok hain begiko ditugun inauteriak ditugu jomuga. Hamaika herritan ematen dira, Euskal Herrian, inausketa ospatzeko jaiak, baita gurean ere 80. hamarkadatik aurrera, Oñatzek antolatuta, behintzat. Ordutik ematen dira inauteri igandeetan Luzaideko bolant dantza ederrak kalez kale.

 Hori gutxi ez, eta 90. hamarkadan herritarrek jaiok ospatzeko zuten gogoa ikusita hasi ziren inauterietako larunbatean Lantzeko zortzikoak, kaldereroen konpartsak eta Lapurdiko jauziak ematen, herri bakoitzeko pertsonaiak, baita ere, irudikatuz.

 Urte batzuez, baina, ez zen era horretako inauteririk ospatu gurean, harik eta 2013. urtean urtebete lehenago antolatzen eta lantzen hasitako Oñatiko inauteriak sortu ziren arte. Eta, nahiz eta aurtengo negua horren gogorra ez izan, akaso, guk esnatuko dugu hartza lozorrotik, udaberri atarian.

 Hain zuzen ere, zortzigarrenez esnatuko dugu animalia. Espero dugu aurten ere herritar andanak egitea bat herriko inauterietako lan taldearen proposamenarekin, eta aurtengoa ez izatea gutxiagorako. Gure partetik, behintzat, ahaleginak egingo ditugu; izan ere, 50. urteurrena ospatzen dugunez, larunbat eta igandean egindako urteroko emankizunez gain, badaukagu proposamen berezi bat, gure transmisiorako bokazioa hauspotuko duena.

 Eguen gizenean –hilaren 20an– aterako dira kalera herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako neska-mutikoak Oñatiko inauterietako Ume handia eta Hartzaren polka dantzatzera, kalejiran abestuz ibiltzeaz gain. Proiektu hau ez da, gainera, lan isolatu bat; izan ere, herriko kultur ondarearen transmisioan dauka jarrita gogoa lan taldeak, udalarekin batera Hurretik  herri curriculuma landuz.

 Aurtengo inauteri jaiak indartsu datoz, hortaz, eta ez genuke gurako mezu hau amaitzerik esan barik herritar guztiok zaudetela gonbidatuta jaian era batera edo bestera parte hartzera.

 

Aupa Oñatz!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Oñatz dantza taldea

Oñatz dantza taldea