Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Idoia Lahidalga Baglietto Urdeixa janda bazkaixa gero

Dokumentuaren akzioak

Urdeixa janda bazkaixa gero

Urdeixa janda bazkaixa gero

Urdelardero Eskoriatza, 2026-02-12 Argazkiak: Idoia Lahidalga Baglietto

"Urdelargero, urdeixa janda, bazkaixa gero...", herriko kaleetan berriz ere umeen kantuak entzun dira. Bertako dantzako irakasle naizenez, Eskoriatzan Ostegun Gizen egunean ospatzen duten Urdelardero ohitura haiekin bizitzeko asmoz hurbildu naiz.

Urdelardero 2026
Haurrak Urdelardeo egunez kalejiran. Eskoriatza, 2026-02-12 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Goizean goizetik sumatu da zerbait berezia, txikienak normalean baino beranduago etxetik atera eta baserritar jantziarekin eta ziriarekin hasi dira eskolara bidean. Bakoitzak bere ziria prestatu du, gehienetan sagarrak, ogi zatiak, donutsak eta txorizoak sartuta.

Urdelardero 2026
Ziriak goiz bukaeran. Eskoriatza, 2026-02-12 Argazkia Idoia Lahidalga Baglietto

Herriko bi eskoletako hiru urtetik gorako haurrak ilusioz hasi dira kantatzen eskolatik atera bezain laster haien guraso eta aiton-amonak beraien zain zeudela ikustean. Haien erritmoan, neguari azken keinua eta inauteriei ongietorria egiten diete urtero. Kalejiran zehar, herritarren begiradek eta irribarreekin pozik joan dira gaztetxoak. Herriko hainbat komertzio eta plazatan karamelu batzuen truke kantatu dute abestia: 

Urdelargero
Urdeixa janda
Bazkaixa gero
Hor goixen intturri bat
Haren gaiñian txori bat
Ura pil-pil etorri
Etxekoandre zabala
Etxe oneko alaba!

Urdelardero 2026
Urdelardero egunez komertzioetan eskean. Eskoriatza, 2026-02-12 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Plazan elkartu dira herriko bi ikastetxetako gazteak, hiru urtetatik lehen hezkuntzako 2. mailarakoak. Eta bertan topatu ditut dantzako hainbat ikasle. Nik 26 urterekin nire lehenengo Urdelarderoa ospatzen nenbilela esan diet eta haiek azkena egiten ari zirela esan didate, pozik eta penaz. Hurrengo urtean Urdelardero ospatu beharrean Santa Ageda bezperan Aretxabaletara joango direla eskean. 

Urdelardero 2026
Urdelardero kantuan. Eskoriatza, 2026-02-12 Argazkiak: Idoia Lahidalga Baglietto

Ohitura galduta egon ondoren, 1975ean berreskuratu zuen Jose Arana (Arizmendi) ikastolak Urdelardero gaur egun ezagutu eta ospatzen duten bezala. Jendeak bazuen gogoan Urdelardero, baina jada ez zen ospatzen. Baserri eta etxeetatik eskean joan eta emandakoak zirian sartzen zituzten: txorizoak, sagarrak, urdai zatiak, pikuak... Urretx edo hurritz makila bakoitzak topatu, horri azala kendu eta punta zorroztuta egiten zuten ziria. Garai hartan gazteak bitan banatuta mutilak goiko partetik ibiltzen ziren eta neskak beheko kale ingurutik, bi eskolatan banatuta baitzeuden. Egun, herriko bi ikastetxeetako haurrek hartzen dute parte honetan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Idoia Lahidalga Baglietto

Idoia Lahidalga Baglietto

Eibar, 1999.

Dantzaria eta argazkilaria naiz. Txikitatik Eibarko Kezka Dantza Taldeko kide eta gaur egun Eibarko Kezka eta Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeetako irakasle.