Sosola 2019: auzolana, soka-dantza eta erromeria
Uztailaren 13an bigarrenez bildu ginen Eibarko Sosola baserrian, garia biltzeko auzolanean. Lanaren ostean afari-merienda ederra, eta ondoren dantza. Dantzari eta musikariok soka-dantza atera genuen. Etxeko-andreei omen eginda (Esther eta Aizpea), gainontzeko auzolankideak ekarri genituen sokara, eta irradaka amaitu genuen, kantuan: "Ederto ibili gara, Sosolan garitan. Berriz elkar gaitezen, datorren urtian".
Etxeko-jaun Enrike Gisasolak egin zuen zerbitzari lana, bere ama eta andrea erreberentzia jasotzera eta sokara ekarrita. Danbolinean, Andoni Urbieta elgoibartarra.
Soka-dantza amaituta, musika eta dantzak jarraitu zuen erromeria giro lasaian, auzolanera bildutako musikarien eskutik: Andoni bera, Andere eta Eneritz trikitilariak, Manu Rodríguez xirolarru-jolea (Eibarko Os Galaicos taldeko kidea), eta Quico Puges gitarra txikiaz laguntzen.
Hurrengo urtera arte? Hala bedi, uzta eta eguraldia lagun...