Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Northern Harmony eta kontradantzak: kronika eta bideoak

Dokumentuaren akzioak

Northern Harmony eta kontradantzak: kronika eta bideoak

2019/04/19 12:50
Northern Harmony eta kontradantzak: kronika eta bideoak

Northern Harmony Espaloian (irudia: Goiena)

Saio gogoangarria eman zigun Northern Harmony abesbatzak (Vermont, AEB) Espaloia kafe-antzokian. Ondoren kontradantza saioa, Jeremy Carter-Gordonek gidatuta zuzeneko musikaz, eta Euskal Herriko kadrile pare bat. Hemen duzue kronika, hiru bideo eta argazkitxo bat, oroigarri gisa.

'Munduko musikak' abesten ditu Northern Harmony abesbatzak, herrialde ezberdinetako tradizioko kantuak. Geurean eman zizkiguten Ameriketako Estatu Batuetako, Bulgariako, Georgiako, Korsikako, Hego-Afrikako, eta baita Euskal Herriko kantu tradizional bat ere, 'Bentara noa', moldaketa bitxi ederrean. Ederrak kantak, ederrak ahotsak, ederrak armonizazioak... ederra bizipena!!

Karperta honetan hiru bideo: Espaloiko emanaldian, 'Bentara noa' euskal kantaren moldaketa bitxi ederra (Goienak argitaratuta), eta AEB-etako abesti baten pasartea; eta astean Eibarko dantza-gelara egin ziguten ezusteko bisitan, Hego-Afrikako kanta.

Village Harmony erakundearen 2019ko kantu-udalekuetako aurkezpen orriak zera dio: "Gazte hauek euren itzulietan hain eskuzabal ematen dutena, emanaldiz-emanaldi, ekarpen handia da edertasunari, konfidantzari eta muduko bakeari. Beraien emanaldiak, bizi beharreko une zoragarriak dira". Eta bai... ados.

Beraien ondoren, gure txanda. Bertaratutakook (80 lagun inguru), aulkietatik altxatuta, euskal kanta ezagun batzuk eskaini genizkien trukean: Isil-isilik dago, Ikusi mendizaleak, Boga-boga, Txoria txori. Bai gogotsu eta indarrez abestu ere. Ederra.

Jateko eta edateko tartetxo bat hartuta, dantzan jarri ginen gehienak. Jeremy Carter-Gordonek kontradantza saioa gidatu zuen, abesbatzako beste bi kidek gitarraz eta arrabitaz lagunduta. Dena zuzenean: Borobila, gero schottisch-a, gero Chapelloise (AEB-etan Gay Gordons eskoziar izenaz ezaguna), korruan beste bat guretzat ezezaguna baina erraz samarra... Eta eskerrak horiek eman zituen hasieran!! Eskatu genion AEB-etan ohikoa den estiloan besteren bat emateko, longway edo ilaratan... eta hor hasi ziren nahasteak, galtzeak... eta barreak. Umore onean hartuta, zorionez, egin genuen hala-nola. Amaitzeko 'erazago' bat proposatu ziguten: Childgrove kontradantza ingeles ezaguna (bideo honetan ikus dezakezue txukun gu egiten saiatu ginena...)

Eta gure txanda berriz. Trukean, Euskal Herrian ohiko dugun eran bi kadrile proposatu genituen. Erraz eta bizkor asko, aurrekoen aldean...

Agur Jaunak abestuz amaitu genuen elkar-hurbiltze festa. Lan handia izan da antolaketa, baina merezi izan du, dudarik gabe. Eta eskerrik asko ere, alde batetik Elgetako Udalari, proposamena onartzeagatik eta antolaketa errazteagatik; eta bestetik, lotarako zakuak eta utzi zenituztenei.

Jeremy Carter-Gordon Espaloian kontradantza bat azaltzen

Berezia izan zen Espaloiko jaia, bi hilabeteko europar itzuliko azken eguna zelako. Azken emanaldia. Biharamunean etxerako hegazkina hartu zuten Bilbon. Horregatik, emanaldi hutsa baino, elkar-truke festa antolatu genuen: elkarri eta elkarrekin kantuan eta dantzan.

Eta guztia polita izan bada ere, jaso dugun politena beharbada Northern Harmonyko kideen jarrera izan da. Beraien arteko harreman polita, jostagarria, estua... Zein pozik zeuden amaiera jai honekin, nola eskertu zuten guztia, gero afarian, baita biharamunean ere... Zein gustura zeuden... Hunkituta utzi zituen Espaloian bizi izandakoak. Hainbatek aipatu zuen itzultzeko gogoa, euskal kantak eta dantzak ikastekoa... Larry Gordon zuzendariak ere serio asko esan zuen beharbada baietz, itzuliko zirela Northern Harmonyren hurrengo europar itzuli batetan. Eta guk eskaini baietz, atea zabalduko diegula gustura asko.

 

BIDEOAK HEMEN

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.