Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Gérard Godon-ekin dantzaldia 2018: argazki galeria

Dokumentuaren akzioak

Gérard Godon-ekin dantzaldia 2018: argazki galeria

2018/04/24 21:15

Hurbilekoa, dibertigarria, eta batez ere goxoa, Gérard Godon-ek Espaloia kafe antzokian eman zigun dantzaldia. Bigarren urtez izan dugu asteburuan Baionan eta Elgetan dantzaldi bana ematen. Harrera ikusita, antolatzaileok hasi gara jada datorren urtekoa zehazten.

Argazki galeria hemen (Goiena)

Apirilaren 22an izan genuen Godon-ekin dantzaldia Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, Herrixa Dantzan egitarauaren barne eta Elgetako Udalak lagunduta. Aurtengorako Duo Godon-Thézé bikotea iragarri genuen, baina azken orduan Eric Thézé lagunak ezin izan zuen etorri, istripu txiki bat tarteko. Halere, ezaguna genuen joan den urtetik Gérard Godon, eta bakarka nahikoa eta sobera da, guztiak dantzan sorgintzeko.

Halaxe izan zen. Espaloira bildutako laurogeita hamar lagunek gozatu genuen dantzaldia. Berak hain berezko duen sonoritate goxoaz, eman zizkigun pasodoblea, baltsak, txotisak, bere asmakizun scottish impair (edo txotis irregularra), mazurkak, Chapelloise, borobilak... baita 'geure' errepertorioko Zazpi jauziak, Lantzeko zortzikoa, edo fandango eta arin-arina ere. Azken hauek, inoizko swing bereziaz. Betiko doinuak ziren, baina... hain ezberdin jota... oso bereziak. Eta dantzagarriak erabat. Goxoak (nola ez!!).

Frantziako Berry eskualdekoa da Godon, eta bertan hain berezkoak dituzten bourrée direlakoak ere eman zizkigun. Bikoteka soltean egiteko dantza generoa da bourrée, gure jotaren baliokidea edo. Bata, 3/8 erritmoan, ingurutxo bezala moldatu genuen. Beste bat binakako lerrotan, Berry-ko oinarrizko moldean, Agnes Perez-en azalpenak jarraituta. Eta azkenik, Bourrée des Grandes Poteries deritzon dantza zehatz bat, bere ondoko herrikoa baita. Ez da batere erraza bapatean harrapatu eta dantzatzeko, baina Agnes-en azalpenekin, han saiatu ginen (Gérard-ek esan zuen nahiko itxuroso geratu zela...).

Bezperan Baionako Forum-eko dantza-gelan eman zuen dantzaldia Godon-ek, eta arratsaldean ikastarotxoa Ahetzen (scottish eta mazurka aldaerak), biak ala biak Agnes Perez-ek antolatu eta lagunduta.

Aurten ere gustura, bai dantzariak, bai antolatzaileak, baita musikaria ere. Guretzat gozamena, halako musikariak geurera ekarri, eta ohiko dantzarako beste sonoritate batzuk dastatu ahal izatea. Zehazten hasita gaude datorren urtekoa...

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.