Zazpigarrena larunbatez
Pasa den Urriaren 3an eskeini genuen Errosarioko Amaren ezpata-dantza Elgoibarko kaleetan. Zazpigarrenez aurtengoan, eta egunari dagokionez berrikuntza batekin, lehenengoz larunbatez atera ginen eta.
Bezperan euripean azken entsegua egin ostean, goizean gozetik eguraldi bikaina ekarri zigun zapatuak. Alkate soinuarekin ekin genion egunari, mezarako zubia eginaz udalbatzako kideei. Aurten estreinako aldia zuten zinegotziek, eta bakarren batek ezpata kolperen bat ere hartu zuen sarrerakoan.
Mezan lau ezpata txikik dantzatu zuten jaunaren aurreko ezpata-dantza, eta behin elizkizuna bukatuta berrekin genuen lana. Ohi bezala parrokiako atarian, Altzolatarren Dorretxe parean, Errosarioko Amaren irudiaren parean eta Kalegoen plazan egin genuen dantza, kalean egindako gurutzaketekin batera. Udalbatzari Udaletxerako sarreran azken zubia egin eta arkupetik atera ginen aurten ere.
Bukaeran ohitura bihurtu diren pastak eta ardo goxoa, eta ondoren bazkari ederra izan genuen lagun giroan. Gurekin izan ziren Beasaingo, Debako, Eibarko eta Donostiako dantzariak beste behin, baita Juan Antonio Urbeltz ere. Akta liburuan beste mugarri bat jarri eta irakurri ostean bukatu genituen ezpata-dantzarenak, datorren urtera arte.
