San Migel egunez San Migelen
Goxo hartu gaituzte Aiastian beste behin,
ohitura duten legez. San Migel jaiak direla eta igo ohi gara urtero bertara,
santuaren egunez gainera aurten, pasa den zapatuan, hilak 29. Beste behin ere
gogoan izan genuen duela urte gutxi istripuz hil zen Borja Uzuriaga bertako
dantzaria. Gaueko 22:30etarako prest zegoen Murkaikupe frontoia, ikusleak zain
beren aulkietan jarrita. Hala, auzoko dantzari gazteen eskutik jaso zuten
bertaratutakoek lehenengo agurra, eta argi geratu zen sanmigeldarrek bermatua
dutela dantzari berrien harrobia.

Jarraian, tokatutako egunari zor, Xemeingo
ezpata-dantza aurkeztu genuen, ordu batzuek lehenago Arretxinagan Zerutxu
dantza taldekoek eskaini zutena. Zortedunak geu ere, beren eskutik ikasi ahal
izan dugulako dantza hau.


Jarraian neskek Gorulari dantzatu zuten, ondoren
Lanestosako arkudantza, makil jokoa, txotxongilloa, binangoa eta ezpata joko
nagusia mutilek eta Bizkaiko zatiari Arratiako jota eta porruarekin eman genion
amaiera.


Elgoibarko Udal Txistulari bandako Olatz Arriola, Andoni Urbieta eta Itziar Korta izan genituen lagun zati honetan, Duguna dantza taldeko Beñat Lopez atabalariarekin batera, bai eta Oiane Valenciano eta Eneritz Aranburu trikitilariak ere.


Ondoren Nafarroara salto egin genuen,
Lizarrako Larrain-dantzara hain zuzen ere. Iruñeatik etorritako gaiteroek jarri
ziguten musika oraingoan, Julen Leuza eta Dani Kaspistegi gaiteroek eta Beñat Lopez tanborrak .


Azkenik auzotarrak gonbidatu eta fandango eta arin arin bat dantzatu ostean kalejira batekin eman genion bukaera aurtengo jaialdiari, datorren urtean ere han elkartuko garelakoan.
