San Bartolome eguneko soka-dantza
Iaz berrogeita hamargarren urteurrena bete ondotik, San Bartolome egunez Haritz euskal dantzari taldeak plazaratzen duen soka-dantzak bidea ekinez darrai, eta dotoreziaz bete zen beste behin ere Elgoibarko zaindariaren eguna.
Taldeko lau dantzarik meza nagusian Jaunaren aurreko ezpata-dantza dantzatuz ekin zioten egunari, ondorenean Ane Beitia alkate estreinatu berria buru soka-dantzari ekiteko. Aurtengoan Mikel Olaizolak hartu zuen lekukoa aurreskulari lanetan eta atzeskulari berriz Ander Condek jardun zuen bigarrengoz.
Soka, urtero bezala Haritz dantza taldeko neska mutilek osatu zuten eta musikari lanetan berriz, Udal Txistulari Bandako kideak izan ziren gurekin. Aurtengoan, Eneko Ansola, Ane Zuñiga, Danel Legorburu eta Enara Gorstizaren kasuan lehenengo soka-dantza izan zen, argi lagaz badatozela aurrerantzean ere txistulari belaunaldi berriak.
Beste behin ere eguraldi ederra lagun, soka-dantza izan zen beraz egun handian protagonista. Ekarriko digute hurrengoek ere zer kontatua.