Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haritz EDT Maskatrük: Idauze eta Elgoibarko dantzariak elkarrengandik ikasten

Dokumentuaren akzioak

Maskatrük: Idauze eta Elgoibarko dantzariak elkarrengandik ikasten

2016/03/01 09:20

Asteburu honetan Zuberoan izan gara Idauzeko herriak gonbidaturik. Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko Johañe Etxebest-ek antolaturiko Maskatrük ekimenean parte hartu dugu. Programa honen xedea, bi herrietako dantza taldeen arteko trukea egitea izan da. Larunbatean dantza ikastaldia egin genuen eta igandean, bi taldeak elkarrekin Gamerera joan ginen Sohüta-Hokiko gazteen maskaradak ikustera.  

Maskatruk 01
Zuberoako dantzak ikasi genituen lehenik. Idauze, 2016-02-27. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA

Idauze-Mendiko gazteek 2015ean eman zituzten maskaradak Zuberoan. Beraz, esperientzia hori hain gertu zutenekin mota honetako truke bat egitea proposatzean ez genuen dudarik egin. Horrela, larunbat arratsaldean Idauzen elkartu ginen bertako dantzariekin. Han, idauztarrek zuberoko dantzak erakutsi zizkiguten; aintzina pika, moneinak, barrikada... eta ondoren guk gipuzkoako dantzak erakutsi genizkien. Ondotik, merezitako dutxa baten ostean, herriko gelan elkartu eta aperitif ederra prestatu ziguten herritarrek. Bapo jan eta edateaz gain, izan genuen tarterik kantuan eta dantzan (berriro) egiteko, baita harremanak lotzeko ere.

Maskatruk 02
Gipuzkoako dantzak egiteko aukera ere izan genuen. Idauze, 2016-02-27. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA

Igandez, bi taldeetako dantzariak elkarrekin abiatu ginen Gamerera. Goizez barrikadak ikusi genituen eta ondoren guztiok elkarrekin bazkaltzera joan ginen. Arratsaldeko agerraldiaren ondoren, asteburuko oroitzapenaren testigu izango den talde argazkia atera genuen.

Orain, data zehazteke badago ere, Idauztarrak gonbidatuko ditugu Elgoibarrera, eta ez dugu lan makala haiek eskainitako harrera goxoa parekatzeko! Asteburu bikaina izan da eta esperientzia aberasgarria benetan. Eskerrik hanitx Johañe eta Idauzeko gazteak! Biba zuek!

Dokumentuaren akzioak

2016/03/01 14:56
Ekimen zinez ederra. Zorionak antolatzaile eta parte-hartzaileei!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Maskatrük: Idauze eta Elgoibarko dantzariak elkarrengandik ikasten

Pozik gaudela dirudi, ezta? Argazki hau da gure asteburuaren islada. Gamere, 2016-02-28.

Haritz EDT

Haritz EDT

Elgoibarko dantza taldea.

Haritz Euskal Dantzari Taldea

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Tfnoa: +34 686 63 31 78

haritz@dantzan.com

 

Twitter: @haritzedt