Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HARITZ EDT Maiatza dantzan aurten ere

Dokumentuaren akzioak

Maiatza dantzan aurten ere

2013/05/06 12:06

Dantzaz beteta etorri ohi da urtero udaberri buelta, eta zer esanik ez Maiatza, ia asteburuero emanaldiren batekin. Aurtengoa ere halaxe iritsi da, egutegia gorriz markatutako dataz lepo.

Apirilaren 28an Zuberoara Maskaradak ikustera egindako irteerarekin hasi zen gure dantza-tourra. Elgoibarko Izarra euskara elkartearen 50. urteurrena eta Haritz euskal dantzari taldearen 40.a uztartuz, elkarrekin antolatu genuen irteera 30en bat laguneko talde majoa animatu zitzaigun, adin eta jatorri ezberdinetako jendez osatua:

Elgoibartarrak nagusi, baina Deba, Markina, Lastur eta Eibarko inor ere bai tartean; eta 16 urtetatik hasi eta 60 paseak zituzteneraino. Gamere-Zihigako gazteek Lakarrin eskeini zuten maskarada bikainarekin gozatzeko aukera izan genuen guztiok. Eguna zuberotarren dantza, kanta eta barrabaskeriekin bete ostean, gustura itzuli ginen etxera, beste behin ere itzultzeko gogoz. Bideoa: dantzan.com

Bestetik, asteburu honetan Semana das Letras Galegas festa ospatu da Elgoibarren, eta ohiturari jarraituz, ostiralean jaien irekiera ekitaldian ohorrezko agurra dantzatu eta larunbatean emanaldia eskeini zuen Haritzek Kalegoen plazan. Oraingoan Bizkaiko dantzak izan ziren ikusgai: Xemeingo ezpata-dantza, Erregelak, Lanestosako arku dantza, Arratiako jota eta porrua... Gainera, Laudioko Galiza etxeko kideak ere gurekin izan genituen, bi herriak anaituz folklore bidez.

Hor ez da bukatzen ordea maiatzeko ibilbidea. Datorren asteburuan indarrak hartu, eta hurrengo larunbatean, hilak 18, egun osoko ekinaldia izango dugu. Goizean Txistularien Alardea ospatuko da Elgoibarren, eta Haritzek ere bere aletxoa jarriko du, Kaixarranka, ezpata-dantza eta fandangoa zein arinarina dantzatuz besteren artean. Musika eskolako zenbait ikasle ere lagun izango ditugu, gure harrobiaren erakusgarri.

Iluntzean berriz Eibarko Coliseo antzokian izango gara, Argia, Kezka, Duguna, Xinka, Maritzuli, Ezpelur eta Gure Kai taldeekin elkarlanean Juan Antonio Urbeltzek gidatutako Besta Berri ikuskizuna eskeiniz. Iluntzeko 20:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, Kutxabank-en eta Coliseoko txarteldegian (Astelehenetan 19:00-20:00 eta ostiraletan 21:00-22:00). 

Azkenik, maiatzaren 25an, Trinitate jaien baitan Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako ikasleek kurtso bukaerako jaialdia eskeiniko dute Kalegoen plazan. 6 urterekin hasi eta 16ra bitarteko ehundaka ikasle dantzan ikusteko aukera izango da, plaza kolorez eta musikaz jantziz. Haritz dantza taldeak ere ez du hutsik egingo, noski, eta Bizkaiko dantzekin emango diot jaialdiari amaiera, etorkizuneko dantzari izango diren gaztetxo horien begirada zorrotzen pean. Gauean berriz, taldeko zenbait kidek Danborradan parte hartuko dute, gastadore paperean herriko kaleetan zehar desfilatuz.

Dantzarik ez da bada faltako Elgoibarren datozen asteetan!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

HARITZ EDT

HARITZ EDT

Haritz Euskal Dantzari Taldea

ELGOIBAR | 1973

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Kontaktua:

Tfnoa: +34 686 63 31 78

Email: haritzdantza@gmail.com

Instagram: @haritzedt