Iraila dantzaz blai

2010/09/10

Emanaldiz betea dator iraila Haritz euskal dantzari taldeko kideontzat, asteburu honetan hasita hurrengo lauetan izango baitugu non dantzatua. Irailaren 11n Beasainen izango gara, 18an Lasturren, ondorengo zapatuan San Migelen eta, amaitzeko, urriaren 3an Errosarioko amaren ezpata dantza eskeiniko dugu bigarrenez.

San Bartolome eguneko sokadantzaren ostean, heldu da berriro ere dantzan hasteko garaia. Uda amaiera bete honetako lehen geralekua Beasainen izango dugu larunbatean, hilak 11, bertan ospatuko baita Igartzako dantzarien kofradiaren eguna.  Aurten gainera, Euskal Herriko hainbat ezpata dantza elkartuko dira, tartean izango delarik gure Errosarioko Amaren kofradia. Taldeko hiru kidek ezpata-txikiz hornituta eta gure ezpatadantzaren arropa bereizgarriekin jantzita hartuko dute parte.


Eguerdiko 12etan hasiko da egitaraua, Beasaingo udaletxetik Igartzarantz segizioa abiatuz. 12:30etan ezpata-dantzen saioa izango da bertan, eta 13:30etan sagardoa eta pintxoak dastagai Dolarean. Ondoren bazkaria izango dugu, eta arratsalde partean, berriz, Aiko taldearen eskutik erromeria.