Idauze-Mendiko maskaradak
Asteburu honetan Zuberoako Idauze-Mendi herrian izan gara, herriko gazteek gonbidatuta bertako maskaradez gozatzeko. Gu ostiralean, martxoaren 6an, joan ginen, gauen dantza-emanaldia eskaintzeko herritarrei hango dantzariekin batera. Lehendabizi xiberutarrek bertako dantzak egin zituzten, guk ondoren Gipuzkoako uztai-handi, brokel, makil-handi eta uztai-txiki jokoa dantzatu genituen, fandango eta arin-arin batekin bukatzeko. Honen ostean, bi herrietako dantzariok jauzi bat dantzatu genuen.
Larunbat goizean Altzürüküko gazteek (2020ko maskaradak antolatu dituen herria) Idauze-Mendiko gazteekin batera antolatutako zazpi barrikadak ikusi genituen, jan eta edan artean. Arratsaldean, herri-bazkariaren ostean, ofizioez gozatzeko aukera izan genuen, Pitxuren berpizkundearekin batera gaua iritsi zen arte.
Hau guztia Idauze-Mendiko gazteekin antolatu dugun "Maskaradatruk"-en barruan egin dugu. Beraz, aurten Idauze-Mendiko gazteak etorriko dira Elgoibarrera gurekin batera dantza egitera!
