Idauze-Mendiko festetan dantzan

2016/06/09
Idauze-Mendiko festetan dantzan

Asteburu honetan Idauze-Mendiko festetan izan gara dantzan. Aurrez, otsailean izen ginen Zuberoan eta Idauze-Mendiko dantzariekin batera Maskatrük ekimenean parte hartu genuen. Bertan geundela, herriko gazteek Idauze-Mendiko festetan dantzatzera gonbidatu gintuzten. Eta nola ez, otsaileko harrera eta gero, gutxi pentsatu behar izan genuen baiezkoa emateko!

Idauze-Mendiko festetan dantzatu genuen zenbait dantzari eta antolatzaile. Argazkia: Nerea Asenjo

Horrela, larunbatean Idauze-Mendira iritsi ginen gure dantzak eskaintzeko asmoz. Etxeandiara gerturatu ahala herriko gazte guztiak lanean ari ziren, karpa txukundu, aulkiak mugitu, gradak jarri... Gu, iritsi eta gure materiala eta erropak prestatzen hasi ginen Idauze-Mendiko gazteek antolatutako dantza emanaldian parte hartzeko. 

Idauze-Mendiko dantza eskolako dantzariak. Argazkia: Nerea Asenjo

Eskiulako dantzariek sorkuntza bat aurkeztu zuten. Argazkia: Nerea Asenjo

Urdiñarbeko dantzariek sorkuntza bat eskaini zuten. Argazkia: Nerea Asenjo

Dantza jaialdian, Elgoibarko Haritz dantza taldeaz gain, Zuberoako beste zenbait herritako dantzariak ere aritu ziren: Idauze-Mendiko dantza eskola, Eskiulako dantzariak, Ezpeizeko dantzariak, Garindaineko dantzariak, aurten maskaradak eman dituzten Hokiko aitzindariak, Iruri-Zalgizeko dantzariak, Urdiñarbeko dantzariak eta Idauze-Mendiko dantzariak.

Gipuzkoako dantzak eskaini genituen Idauze-Mendin. Argazkia: Nerea Asenjo

Eibarko musikariak aritu ziren gurekin. Argazkia: Nerea Asenjo

Garindaineko dantzariak. Argazkia: Nerea Asenjo

Zuberoako musikariak. Argazkia: Isabelle Bouillon

Guk, Gipuzkoako dantzak eskaini genituen, brokel-makilena, zinta-dantza, uztai-haundi eta uztai-txikiena besteak beste eta gurekin batera Eibarko Kezka dantza taldeko musikariak aritu ziren. Dantzari guztiek dantza egin ostean, berriro ere plaza erdira atera ginen eta fandago eta arin-arin batekin amaitu genuen gure emanaldia.

Aurtengo maskaradak eman dituzten Hokiko aitzindariak. Argazkia: Nerea Asenjo

Zalgize-Iruriko dantzariak. Argazkia: Nerea Asenjo

Ezpeizeko dantzariak. Argazkia: Isabelle Bouillon

Azken txanpa bezala, jaialdian parte hartu genuen talde guztiek kalejira erraldoia egin genuen eta ondotik Aintzina pika dantzatu genuen. Izerdi guztiak bota ondoren, merezitako mokadutxoa eta dutxa genituen zain. Ondotik, apain-apain, herri afarian izan ginen Zuberoako beste hainbat herritarrekin batera. 

Idauze-Mendiko dantzari gazteak. Argazkia: Nerea Asenjo

Dantza jaialdian parte hartu genuen dantzari guztion kalejira. Argazkia: Nerea Asenjo

Hurrengo egunean irribarre batekin bueltatu ginen Elgoibarrera beste behin. Orain, uda ostean, Idauze-Mendiko gazteak gonbidatuko ditugu gure herrira. Horrela, bi herrietako gazteen artean sortu den harreman aberatsa indartzen jarraitu dezagun. Milesker berriro ere Idauze-Mendiko herriari, eta bereziki jaiak eta asteburu zoragarri hau prestatzen aritu diren herriko gazteei!