Gabon zahar feria 2023

2023/12/30
Gabon zahar feria 2023

Plazara Dantzara erromeriarekin amaitu genuen urtea. Urte luze eta berezia izan da… Hainbeste denbora bere zain eta konturatu baino lehen pasatu zaigu.

Jaialdi, hitzaldi, dantzaldi, kantaldi, kalejira eta festaz betetako urtea izan dugu aurtengoa. 50 urtez dantza taldearen parte izan diren pertsonekin batera ospatu dugu urteurrena. Taldekide izan direnekin eta izango direnekin, harrobiko dantzari txikitxoenekin ere plaza bat baino gehiago bete baititugu.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen babesa eman diguzuen guztioi, euskal dantzei eta kulturari ikusgarritasuna ematen lagundu diguzuenoi. Polita eta hunkigarria izan da ospakizun bakoitzean jendez lepo izatea aretoak, oholtzak, plazak eta kaleak.

Tradizioei eutsiz, eta beharrezkoa zenean horiek egokituz, bost hamarkadatan euskaldunon gorputz-hizkuntza diren dantzak Elgoibarren, Euskal Herrian eta atzerrian zabaltzen saiatu gara.

Eskerrik asko gure lagun musikari eta dantzari guztiei, gure bidelagun izan eta dantzaldi xumeenetan ere gure alboan izateagatik. Eskerrak, noski, ikusleei, jaialdiz jaialdi gure ondoan egoteagatik.

Eta aurten esker bereziak eman nahi dizkiogu Elgoibarko Udalari ere, zentzu guztietan eman diguzuen babes, laguntza eta ikusgarritasunagatik.

Lasaiago bada ere, 2024an ere gure jantzi, musika eta emanaldiekin herriko txokoak dantzaz betetzen jarraituko dugu.

ESKERRIK ASKO! ❤️