Ezin hutsik egin urteroko zitari
Iraila iristearekin batera iritsi da gure urteroko zita ere. 30 urte baino gehiago dira Haritz Dantza Taldeak San Migel (Aiastia) auzoko Murkaikupe frontoian urtero-urtero dantza emanaldia eskaini izan duguna. Zita berezia izaten da guretzat, izan ere, aparteko sorrera izan zuen ekitaldi honek. Aipatutako Murkaikupe frontoia San Migelko auzotarrek eraikia izan zen. 1983. urtean hasi ziren lanean eta abuzturo egiten zuten lanari esker, 1993.urtean amaitu zituzten frontoia eraikitzeko lanak. Auzotarrei eskerrak emateko asmotan, 1988. urtean hasi ginen dantza emanaldia eskaintzen gutxi gora behera. Gainera, udako geldialditxoaren ostean eskaintzen dugun lehen emanaldia ere bada eta xarma berezia duela esan genezake. Emanaldiaren ostean, auzotarrek afari bikaina eskaintzen digute eta gure beharrak edozein direla ere irribarre batez kunplitzeko prest egoten dira. Azkenik, eguna erromeria batekin dantzan eta kantuan amaitzen dugu.
Bi urte egon gara San Migelen dantzatu gabe pademiaren ondorioz, aurten, aldiz, Cortesko dantzak eskaini ditugu. Guk plazer hartu dugu eta ikuslegoak ere sentsazio bera izatea espero dugu.
Hala nahi izanez gero, datorren urtean ere gogoz itzuliko gara!