Emakumeak protagonista ezpata-dantzan
Egin genuen seigarrena ere, eta sekulako giroarekin gainera aurtengoa, eguzkia lagun atera baikinen ezpata, arkabuz, txistu eta abarrak eskuan. Meza nagusian, lau ezpata txikik dantza egin ostean Udalbatzako zenbait kide eta Udal Txistulari Banda lagun, tradiziozko ibilbidea osatu genuen Kalegoen plazan hasi eta San Bartolome kalean barrena Kalebarren plazara, gero Errosarioko kaletik berriro ere hasierako lekuan amaitzeko. Geldialdiak ere betikoak: parrokiako atarian, Altzolatarren Dorretxean, Errosarioko Amari begira eta Udaletxe aurrean, bukaera Giza eskubideen parketik irtenaz emateko.
Aurten aipatzekotan bi kontu: batetik sekula baino talde handiagoa osatu dugula, hogeita zortzi ezpata-dantzari, zortzi ezpata txiki, buruzagia, kapitaina, lau arkabuzero eta txistulari kuadrilarekin. Bestetik, emakumeak nagusi izan direla postu guztietan: bai ezpata-luzeekin, gizonezkoek erabiltzen zuten jantzia moldatuta; bai ezpata txikiekin, 6 neskak dantzatuz, eta baita ere lehenengoz kapitain postuan.
Iñaki San Martin Soarte-ren argazki sortak biltzen du ederki egun hartako giroa.




