Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haritz EDT Berritasunez beteta dator 40. urteurrena

Dokumentuaren akzioak

Berritasunez beteta dator 40. urteurrena

2013/01/15 18:11
Ospakizun urtea izango da 2013a Haritz Euskal Dantzari Taldearentzat, 1973an sortu zenetik 40. urteurrena izango baita aurtengoa. Data seinalatu hori buruan, ohiko ekintzez gain berritasun ugari izango ditugu aurtengo egutegian.

Hasteko, urtarrilaren 22an, arratsaldeko 8etan hitzaldia eskainiko du Oier Araolazak Musika Eskolako auditorioan. Inauterien gainean jardungo du Eibarko Kezka Dantza Taldeko eta dantzan.com webguneko arduraduna den dantzari elgoibartarrak. Neguko festak, mozorratzea eta disfrazatzea eta beste hamaika kontu izango ditu hizpide.



Ildo horretan, otsailaren 9an, Karnabal Zapatuan hain zuzen, Koko-dantzak ekarriko ditugu Elgoibarko kaleetara. Eibarko Kezka dantza taldeak, ihauterien aurreko larunbatean egin ohi du koko-eskea Eibarko baserrietan zehar, mozorro eta kolorez betez bazterrak. Oraingoan, Elgoibarko kaleetan arituko dira Mauxitxa Txarangarekin batera eta Haritzeko kideekin batera.


Argazkia: Iñaki Zugasti

Apirilean berriz, Maskaradak ikusteko asmoz Zuberoara irteera antolatuko dugu. Berezia izango da ekintza hau, Elgoibarko Izarra kultur elkartearekin batera burutuko dugulako. 1963an sortu zen Elgoibarko Izarra herrian euskarari eta euskal kulturari bultzada bat emateko helburuz, eta beraz, aurten du 50. urteurrena. Gainera, ez da ahaztu behar Elgoibarko Izarratik sortu zela Haritz Dantza Taldea, eta haren babesean pasa zituela hainbat urte.


Argazkia: dantzan.com

Udazken aldera berriz dantza-jaialdi bat osatzeko asmoz gabiltza, berrogei urte hauetan bidelagun izan ditugun dantza taldeak gonbidatuko ditugu oholtzara gurekin.

Urteroko ekintzak ere ez ditugu noski albora lagako, eta Nazioarteko Folklore Jaialdian, Trinitateetan, Galegoetan, San Bartolome eguneko soka-dantzan, San Migeletan zein Errosarioko ezpata-dantzan presente izango gara gure onena eman nahian. Dantzarik eta dantzaren bueltakorik ez da honenbestez faltako Elgoibarren 2013an. Goza dezagula!

(Toki, data eta ordutegi zehatzak argitzen joango gara poliki-poliki).

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Haritz EDT

Haritz EDT

Elgoibarko dantza taldea.

Haritz Euskal Dantzari Taldea

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Tfnoa: +34 686 63 31 78

haritz@dantzan.com

 

Twitter: @haritzedt