Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haritz EDT Aurreskua Altzolako sanjoanetan

Dokumentuaren akzioak

Aurreskua Altzolako sanjoanetan

2017/06/02 09:15

XX. mendeko 50eko hamarkadako argazki zahar batzuk topatu ditugu, Altzolako Bainuetxean egindako argazkiak dira. Sanjoanetako soka-dantzako irudiak direla dirudi, garai hartan San Joan Txiki egunez, ekainaren 25ean, aurreskua dantzatzen baitzen bainuetxeko atarian. Aurreskua eta atzeskua ageri dira dantzan. Hasierako soka gizonezkoek osatzen dute eta gero emakumeak gonbidatzen dituzte. Ondoren, denak nahasian soltea dantzatzen ageri dira.

Altzolako bainuetxean soka-dantza 1
Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

Altzolako bainuetxean soka-dantza 5
Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

Arantza Arrieta elgoibartarrak lagundu digu argazkietan ageri direnak identifikatzen, berak gogoratzen baitu urtero joaten zirela Altzolako festetara.
Bakarka dantzan ari diren bi gizonak, Karmelo Isasti eta Jose Luis Arozena dira, alkandora zuriz Isasti eta beltzez Arozena. Gainerako zenbait dantzari ere identifikatu ditugu, besteak beste, Sabin Lariz, Antonio Landa, Mª Tere Landa, Garbiñe Bioin, Jose Ramon Etxaniz, Mª Dolores Landa, Alfredo Garcia, Milagros Landa, Pako Oñederra, Mª Teresa Arozena eta Jose Lariz.

Altzolako bainuetxean soka-dantza 7
Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

Altzolako bainuetxean soka-dantza 6
Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

Argazki zaharrei tiraka garai hartako sanjoan jaiak nolakoak ziren galdetu nahi izan dugu. Altzolan jaiotako Karmele Etxabek kontatu digu indar handiko festak izaten zirela Altzolako sanjoanak. Hiru eguneko jaia izaten zen, ekainaren 23an hasi eta 25ean ematen zitzaien bukaera. Ekitaldi ugari antolatzen zituzten hiru egunetan, festa giroan ohi den moduan, dantzak ere bazuen bere lekua, erromeriak eta soka-dantza egiten zituzten. Inguruko herrietatik ere jende asko gerturatzen zen festetara, Elgoibartik eta Mendarotik batez ere.

Altzolako bainuetxean soka-dantza 2
Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

San Joan bezperan, auzoko mutil gazteak basora joaten ziren zuhaitz bila, moztu eta plazara eramaten zuten. Iluntze aldera altxatzen zuten zuhaitza eta ibai erdian dagoen uhartetxoan, berriz, sua egiten zen. San Joan egunean, prozesioa izaten zen goizean, emakumeek lore sortak eramaten zituzten elizara bedeinkatzera. Meza ondoren, aizkolarien eta bertsolarien txanda izaten zen. Arratsaldean, berriz, pilota partidak eta hauek bukatzean jazz-bandarekin erromeria hasten zen ordu txikiak arte.

Altzolako bainuetxean soka-dantza 4
Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

Azken egunean, San Joan txiki egunean, soka-muturra irteten omen zen lehenengo orduan. Egunean zehar auzotarren arteko hainbat jolas eta lehiaketa izaten ziren, tartean, txanalen arteko estropadak eta bizikleta karrerak zintekin. Eguerdian, Bainuetxe aurreko plazan elkartzen ziren auzotarrak eta soka-dantza dantzatzen zuten. Irudi hauek, soka-dantza hartakoak direla pentsatzen dugu. Festei bukaera, bezperakoaren pareko erromeriarekin ematen zitzaion. Urte askotan, Felix Aranzabal soinujolea, Angiozarko itsua  aritu omen zen erromeriak alaitzen Altzolako sanjoanetan.

2017/06/02 18:10
"Bizkaitarrez" ote aurreskua? Itxura eman lezake... Elgoibarren, sasoi batzutan dantzatu izan omen da soka-dantza "bizkaitarrez" ("Elgoibar dantzan" liburuan jasota datorrenez). Deba bailarako beste hainbat lekutan ere bai.
2017/06/03 08:32
"Elgoibar dantzan" liburuan datorren "bizkaitar erara" aipamen horren jatorria da, hain zuzen, Bilboko dantzari bat Elgoibarren bizitzera etorri eta berak dantzatu eta erakutsi izan zuelako aurreskua urte batzuetan. Elgoibarren bertan ohikoa zen dantzakera, esango nuke, ez zela gaur egungo "Gipuzkoar" edo "Bizkaitar" etiketetan sartzen, toki gehienetan bezala, dezente libreagoa eta indibidualagoa izango baitzen gehienetan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Aurreskua Altzolako sanjoanetan

Aurreskua Altzolako Bainuetxe aurrean, 1950eko hamarkadan. Argazkia: Marin / Paco Mari. Kutxateka CC BY-NC-ND-3.0-ES

Haritz EDT

Haritz EDT

Elgoibarko dantza taldea.

Haritz Euskal Dantzari Taldea

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Tfnoa: +34 686 63 31 78

haritz@dantzan.com

 

Twitter: @haritzedt