Apur batean soka-dantza, Katalunian

2011/04/06

Iñaki San Martin “Soarte” argazkilari elgoibartarraren “Apur batean soka-dantza” erakusketa Festimatge jaialdian ikusgai izango da apirilaren 9tik maiatzaren 1era.  Kataluniako Calella herrian ospatzen da jaialdi hau, eta bertako La Fabrica erakusketa gelan egongo da tarte horretan Soarteren lana.

Elgoibarren urtero San Bartolome egunean egiten den soka-dantzako irudiek osatzen dute “Apur batean soka-dantza”. Bi urtetan soka-dantzari hainbat argazki atera eta hauek material zein teknika desberdinekin moldatuz bilduma ederra osatu du elgoibartarrak. Euskal Herriko hainbat lekutatik pasa ostean Katalunia aldean izango dira hortaz oraingoan Haritz euskal dantzari taldeko kideon argazkiak. Ohore bat da guretzat, noski, gure irudia era horretan zabaltzea, beraz eskerrak eta hautatua izatearren Soarteri zorionak ematea besterik ez dagokigu.