Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HARITZ EDT 40 urte lagunekin dantzan

Dokumentuaren akzioak

40 urte lagunekin dantzan

2013/11/13 09:57

Urte osoa daramagu Haritz dantza taldearen 40.urteurrena ospatzeko ekintzak antolatzen. Urtero, dantza taldeak izaten dituen konpromezuez gain, pintzelada bereziez marraztu nahi izan dugu urtea. Horregatik, besteak beste, urtarrilean, Oier Araolaza ekarri genuen mozorroen inguruan hitz egiteko. Otsailean, Eibarko Kezka dantza taldeak, inauterietan ateratzen dituen Koko-dantzak ekarri genituen Elgoibarko kaleetara. Apirilean, Elgoibarko Izarrarekin elkarlanean, Zuberoako Maskaradak ikustera joateko irteera antolatu genuen. Abuztuan, Elgoibarko jaiekin batera, Iñaki San Martin "Soarte" argazkilariaren "Apur batean soka-dantza" erakusketa ikusgai egon zen Elgoibarko Kultur Etxean. Eta urteari amaiera eman eta borobiltzeko, dantza jaialdi bat antolatu nahi izan dugu. 

Jaialdia, datorren azaroaren 23an, larunbata izango da. Ospakizun honetan, 6 dantza taldek hartuko dute parte. Oraingoan Haritzekoek abarketak kenduko ditugu, eta ikusle izatera pasako gara, horrela, Euskal Herriko txoko desberdinetatik datozen 6 dantza talderi Elgoibarko oholtza eskaintzeko. Haritzen 40 urte hauetan, gurekin harreman gehien izan duten dantza taldeak gonbidatu nahi izan ditugu gurera. Hasteko etxetik gertu dauden lagunak, Eibarko Kezka dantza taldea eta Debako Gure Kai dantza taldeak.

Eibarko Kezka dantza taldea. Argazkia: Iñaki Zugast

Debako Gure Kai dantza taldea. Argazkia: Dantzan.com

Donostiatik, Argia dantza taldea etorriko da, guretzat, erreferentziazko taldea inondik inora.

Donostiako Argia dantza taldea. Argazkia: Iñaki Zugast

Bizkaitik Portugaleteko Elai Alai eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak etorriko dira. Biak ere Haritzen bidean lagun izan ditugu.

Portugaleteko Elai Alai dantza taldea. Argazkia: Iker Garaizabal

Galdakaoko Andra Mari dantza taldea. Argazkia: Iñaki Zugasti

Azkenik, Nafarroatik, gonbidatutako talde lagunetatik berriena, Iruñeako Duguna dantza taldea. 

Iruñeako Duguna dantza taldea. Argazkia: Duguna dantza taldea

Haritzen 40. urteurren ospakizunekin amaitzeko jaialdi hau, Kalegoen plazan izango da eguerdiko 12:00etan, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Euria eginez gero, jaialdia Herriko Antzokian egingo genuke.

Jaialdia hasi aurretik, eta zerura lasai begiratu ahal badugu behintzat, kalejira bat egingo dute parte hartuko duten dantza talde guztiek Elgoibarko kaleetan zehar, 12:00etan Kalegoen plazan amaitzeko. 

Gurekin batera, Haritz dantza taldearen 40.urteurrena ospatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu guztioi. Puntako taldeak ekarri ditugu zuentzat, helburu dugulako, herri honek dantzaz gozatzea!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

HARITZ EDT

HARITZ EDT

Haritz Euskal Dantzari Taldea

ELGOIBAR | 1973

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Kontaktua:

Tfnoa: +34 686 63 31 78

Email: haritzdantza@gmail.com

Instagram: @haritzedt