Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien Elkartea (Zuberoa)
Zuberoako maskaradetako pertsonaiak dira kerestuak. Bi izaten dira, nagusia eta laguntzailea, eta zamaltzaina zikiratzea dute haien lana. Biarnesez mintzo dira. Txerreroak lagunduta sartzen dira plazara, eta erdian direla, nagusiak lan egin behar dutela esaten dio laguntzaileari. Honek ez du lanik egin nahi, igandea izanik, harik eta dantzan aritu eta ardoa edan arte. Orduantxe dantzatzen dira aurtengo jaialdian errepikatuko zaigun airean, eta bai komikoki dantzatu ere: sudurretik tira, belarrietatik tira, zaplastekoak... Dantza egindakoan, zamaltzaina zikiratzen saiatuko dira, baina hainbat aldiz saiatu arte, ez dute lortuko.Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien Elkarteko (XIIO) gazteak izanen ditugu joko honen emaile. 2012an haiek eman zituzten maskaradak Zuberoan.
