Soka-dantzak, 2015eko ezpalak

2015/05/14
Soka-dantzak, 2015eko ezpalak

Elkarri eskuak emanda osatzen dugun soka, katea, esku-dantza da aurtengo Ezpalak jaialdia lotuko duena. Dantzarako oinarrizko egitura, mundu zabalean eta historian behin eta berriz erabili dena, eta Euskal Herrian gure plaza eta erromerietako dantza nagusia izan den orain gutxi arte.

Hainbat izenekin ezagutzen dugu euskaraz eskuz esku egiten den dantza hau: soka-dantza, esku-dantza, aurreskua, zortzikoa, dantza-soka, dantza-luzea, erregelak, bralea, karrika-dantza, e.a. Eta izenak bezala, dantzatzeko modukoak ere halakoak dira, tokian tokikoa eta garaian garaikoa. Horietako zenbait ikusteko aukera izango dugu aurtengo Ezpalak jaialdian. Ohi bezala, atzerriko dantzariek, Turkiakoek aurtengoan, gure eta atzerriko dantzen arteko antzekotasunak agerian utziko dizkigute, eta ohi bezala, gizonezkoen dantzatzat saldu izan digutena emakumeena ere izan dela eta izango dela ikusi ahal izango dugu.

Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2015eko maiatzaren 30ean eta 31an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Eibarren eta Iruñean.