Oinarin dantza taldea – Antzuola (Gipuzkoa)
Antzuola Gipuzkoako Debagoiena bailarako herria da, egun 2000 biztanle inguru ditu, eta duela 14 urte Oinarin izena eman zioten askoz lehenagotik sortutako dantza taldeari. Antzuolan, beste ohitura batzuen artean, “Gipuzkoako dantzak” izendatzen ditugunekin lotzen diren eta beste urteren baten Ezpalak jaialdian bertan ikusi izan ditugun dantza batzuk gorde dira. Aurten, halabaina, aratusteetako igandean egiten den sorgin-dantza ikusiko dugu. Antzuolan sorgin-dantza 1922. urterarte dantzatu izan zela dokumentatu da. Ondoren utzi egin zitzaion, eta 1990. urtean ekin zioten berriro. Koreografia Lasarte-Orian egiten den sorgin-dantzan oinarritzen da, eta horrez gain, Antzuolako inaute igandean atera ohi ziren hiru pertsonaia berreskuratu zituzten Oinarin taldekoek: hartza, domadorea eta tximinoa.
