Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantzak jaialdiaren kronika
Eguzkia ezkutatu ahal ikusleek erabat bete zuten Untzaga Plazako armaila eta interes biziz jarraitu zituzten handik eta hemendik etorritako ezpata-dantzak. Enrike Izagirrek jardun zuen aurkezle lanetan eta haren esanetara joan ziren plazaratzen dantza taldeak.
Debako Gure-Kai dantza taldeari egokitu zitzaion jaialdia hasi beharra. Arratsaldeko 19.00ak baziren ere, oraindik eguzkiak indarrez jotzen zuen, baina hala ere dotore aritu ziren Andoni Iriondok zuzentzen dituen dantzariak. Aitor Gonzalez-ek jardun zuen buruzagi lanetan.
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak bi dantza ekarri zituen Eibarrera. Batetik, Loinazko San Martin-en ezpata-dantza. Herriko jaiak utzita etorri ziren dantzariak baina ez zitzaien antzeman inolako ajerik. Loinaz-en bertan ume talde batek egin ohi du dantza, eta distira berezia eman zioten Mikel Sarriegik zuzenduta eta Mikel Apaolaza buruzagi zutela aritu ziren dantzari helduek ezpata-dantza berezi horri. Banderaren ondeoraekin borobildu zuten beren saioa.
Furundaren soinuaren doinuarekin Aurtzakako neska gazteak plazaratzen jon ahala harridura joan zen nagusitzen ikusle eta gainontzeko dantzarien artean. Neska gazte taldetxo bat zen, bakoitzak erratz bat zuela eta Sarian zunzun sorgin-dantza egiten hasi ziren. Dantza dibertigarria zirudien, baina ezpata-dantzekin zein zerikusi izan zezakeen galdetzen zioten beren buruari zenbait ikuslek. Sorgintxoek erratzen muturrak elkarri eman, eta ezpata-dantzetan ohikoak diren mugimendu koreografikoak osatzen hasi zirenean ulertu zuten zenbait dantzarik sorgin-dantza haren arrazoia. Aurtzakako nesken bizitasuna eta Furundaren doinuak lagunduta emanaldiko ekarpenik interesgarrienetakoa izan zen Sarian-zunzun.
Jarraian, Dunkerque-ko In The Kring dantza taldearen txanda izan zen, eta egunetan burutik kendu ezinik izan dugun doinuaren erritmora Renaat Van Craenenbroeck-ek prestatutako ezpata-dantzaren mugimenduak osatzen joan ziren. Bukatzeko, arrosa edo parrilla egin zuten ezpaten artean, eta gainera igota bandera jira-biran erabili zuen dantzarietako batek.
Legazpiko Sustraiak dantza taldeak Santa Kurutz egunean egin ohi duten ezpata-dantza ekarri zuen. Aipatzekoa da aurten bertan 30 urte bete direla ezpata-dantza hori berreskuratu zutela Legazpin.
Segidan, Antwerpen-eko Dansgroep Lange Wapper taldea sartu zen plazara. Danbor-joleak aurretik zituztela kutsu militarreko mugimendu indartsuekin ezpata-dantzetan ohikoak diren hainbat egitura koreografiko egin zituzten, hauek ere taldeko sortzaile izan zen Renaat Van Craenenbroeck-ek prestatutakoak.
Kezka dantza taldeak, 2005eko irailean aurkeztu zuen Arrateko Amaren ezpata-dantzarekin borobildu zuen larunbat iluntzeko ezpata-dantzen jaialdia. Jantziak aldatu, afaldu eta kantu eta dantza afarirako prest zeuden dantzariak.
Kalejira eta bigarren ekitaldia
Igandean ere eguzkiak ez zuen errukirik izan, baina gu pozik, nahiago baitugu bero apur bat pasatzea, euriak jaia zapuztea baino. 11.30etarako taldeak Urkizun biltzen joan ziren, eta bezperako aurpegiak agurtu eta aurpegi berriei harrera egin ondoren kalejirarako prestatu ziren dantzari eta musikariak. Dantza taldeekin batera Amurrio-Bilboko gaiteroak, Jainagaren eskolako eta Eibarko trikitilariak, eta Itsasiko joaldunek parte hartu zuten kalejiran.
Debabarreneko dantzariek Inude eta Artzaiak egin zituzten: Ermuko Txindurri eta Elgoibarko Haritz taldeetako dantzariek, eta Eibarko Kezkako eta dantza eskolako ikasleek osatutako konpartsak eten gabe dantzatu zituen Ustekabe fanfareak jotzen zituen Raimundo Sarriegiren doinu alaiak.
Plazan Inude eta Artzaiek agerraldi laburra egin ondoren, ezpata-dantzen jaialdiaren bigarren zatiarekin jarraitu genuen. Zumarraga eta Urretxuko Irrintzi dantza taldeak Antioko ezpata-dantza eskaini zuen dotore. Dunkerque-ko In the Kring dantza taldea aritu zen segidan, eta ondoren Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak Arretxinagako San Migelen ezpata-dantza eskaini zuen. Talde ederra ekarri zuten markinarrek eta serio eta zorrotz aritu ziren.
Antwerpen-eko Lange Wapper-ko dantzariek bi ezpata-dantza eskaini zituzten segidan. Batetik, nesken ezpata-dantza egin zuten, Marc dantza maisuak gidatuta. Bestetik, gizon helduenek, zurezko zuekoak jantzita zituztela egin zuten ezpata-dantza.
Ezpata-dantzen jaialdia beste dantza bitxi batekin borobildu zen. Kantabriatik, Ruiloba herritik etorritako dantza taldeak Danza de las Lanzas eskaini zuen. Lantzak zituzten eskuetan, baina ikusleak berehala ohartu ziren egiten zituzten figura koreografikoak ikusita, aurretik ikusitako ezpata-dantzen sail berekoa zela dantza hura. Arrosa egin eta dantzarietako bat gainera igota ikusleak agurtu ondoren bukatu zen Ruilobako dantzarien emanaldia, eta Ezpata-dantzak jaialdia bera.
Bazkaria, eta Tapia eta Leturia eta Jokin-en erromeriak borobildu zuen dantzaz lepo betetako asteburu mamitsua.
Argazkiak Felipe Loyolak egindakoak dira eta honako helbide hauetan dituzue eskura albumak. Argazki bat ikusterakoan "All sizes" aukeratuz gero tamaina desberdinetan ikus daiteke, eta papereratzeko tamaina egokian ere dituzue eskura. Argazkiren bat erabiliz gero aipatu egilea nor den. Hona argazkiak:
- Ezpata-dantzak jaialdia I (Larunbateko emanaldiko argazkiak)
- Ezpata-dantzak jaialdia II (Igandeko emanaldiko argazkiak)
- Ezpata-dantzak hemeroteka (prentsan argitaratu direnak)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10