Baztandarrak: Baztango mutil-dantzak
Baztango mutil-dantzak dantza-jauzien genero nagusian kokatzen baditugu ere, badituzte hainbat ezaugarri bereizgarri. Hilario de Olazaran-ek XX. mende hasieran aipatzen zuenez, Baztango adinekoek hogeitabost mutil-dantza ezagutzen zituzten, baina 60ko hamarkadan Jean Michel Guilcherrek galdetu zituen dantzariek hamalau jauzi baino ez zituzten ezagutzen. Gaur egun berriz ere berpiztu dituzte galtzen joan direnetako batzuk.

Borobil handi batean egin ohi dira mutil-dantzak, baina lerro zuzen batean ere dantzatzen dira zenbaitetan, eta borobilean ari direlarik, ordulariaren kontrako norabidean doa taldea mugitzen. Mutil-dantzak dantza-jauzietatik bereizten duten ezaugarri bat dantzariak beren burua jira-biran dantzatzeko duten joera da. Dantza-jauzietan ez dira ohikoak itzuli osoak, eta mutil-dantzetan berriz mugimendu erabilienak itzuliak dira.

Baztandik etorriko da Iruñea eta Eibarrera mutil-dantzari talde bat. Baztanen, herrietako festetan mutil-dantzak dantzatzen aritu ohi direnetako batzuk dira. Jabier eta Patxi Larralde, txistulari eta dantza-maisuak urteak daramatzate Baztango tradizioak eta mutil-dantzak jotzen, dantzatzen eta biziarazten, eta haien eskutik etorriko da mutil-dantzari talde hau Ezpalak jaialdira.