Aiko taldea: Jauzien doinua eta dantzaldia

2010/05/13
Aiko musika eta dantza tradizionalaren mundua ikertu, sustatu, eta gizarteratzeko sortua den musika eta dantza maisuen talde bat da. Dantza tradizionalaren didaktika lantzeaz gain, plazara ere ateratzen dira dantzara eta jotzera. Dantza tradizionalen musikarekin hiru disko argitaratu dituzte, eta besteak beste Maritzuli konpainiaren "Aurrez aurre" ikuskizunari musika jarri dio Aikok. "Dantzarako musika egitea gogoko dugulako, dantzatzea maite dugulako, jotzen eta dantzan eta irakasten dihardugu. Eta guretzat musika eta dantza uztarturik doaz berez: elkarren osagarri eta lagungarri".

Laster kaleratuko dute beren lan berria, Urraska izenekoa, hain zuzen ere dantza-jauzien ingurukoa.
Ekainaren 12an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, Dantzazale eguna ospatu eta Urraska liburu-CDa aurkeztuko du Aikok. Dantza-jauzien ahozko eta idatzizko iturriak aztertu ondoren, proposamen eraberritzailea egingo dute jauzien musikaren interpretazioari dagokionez, orain arte nagusi izan den biko konpas egituraren ordez dantzaren pultsoari kasu eginez bakoitzari dagokion konpas sistema erabiltzea proposatuko baitu Aikok.

Ezpalak jaialdian Maritzuli konpainiaren dantzei jarriko diete doinua, dantzan ere arituko dira horiekin batera, eta dantzarien emanaldien ostean dantzaldi irekia emanen dute plazer duen orok dantza dezan.