Dokumentuaren akzioak
Eskolak bere 75. urteurrenaren jarduera egitaraua aurkeztuko du gaur
Eskola, 75 urte: Jalgi Hadi Plazara!
Donostiako Koruko Ama Birjinaren ESKOLA elkarteak 75 urte beteko ditu 2015ean.
75 urte igaro dira jada Santa Marian organista zen Juan Urteagak Schola Cantorum de Nuestra Señora del Coro sortu zuenetik, 1940ko apirilaren 10ean. Eta 75 urte hauetan gauzak asko aldatu dira, gaur egun dantza taldea, dantza akademia, inauteri-konpartsa eta danborrada ere badelako erakundea. Urte hauetan, Eskolako abesbatza eta dantza taldea Donostiako kultur jarduera askotako partaide eta arima izan da. Horrez gain, euskal kultura zer den eta nola bizi duen erakutsi du gure mugetatik kanpo, atzerrira egindako dozenaka bidaietan.
Eskolak bere 75. urteurrena ospatzearekin batera, urte osoko programa bat prestatu du erakundea zer den erakusteko: Eskolako ereserki berria aurkezteaz gain, bere Inauterietako konpartsen bilduma berreskuratzeko asmoa du eta bere ohizko entseguak Donostiako kaleetara aterako ditu, besteak beste. Horrez gain, 75 fandango eta 75 arin-arin dantzatzeko erronka plazaratuko die Gipuzkoako gainontzeko dantza taldeei, horretarako bereziki antolatuko den erromeria batean.
Donostia 2016ko egoitzan (Easo kaleko suhiltzaileen eraikin zaharra) izango da ekimen hori, urtarrilaren 9an, ostirala, iluntzeko 8tan. Ekitaldi oso berezia izango da, urteko jardueren egitaraua aurkezteaz gain, musika eta dantzez osatutako ordubeteko ikuskizuna prestatu baitugu. Donostiako hainbat kultur elkarte eta eragilerekin elkartzeaz gain, Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko ordezkariak ere bertaratuko dira.
Dokumentuaren akzioak