Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eider Rubio Ariño Santa Luziako erromeria

Dokumentuaren akzioak

Santa Luziako erromeria

2026/01/06 13:55
Santa Luziako erromeria

Santa Luziako erromeria, Barakaldo, 2025-6-29. Argazkia: Eider Rubio

Ekainak 29an esnatu gara gaur. Nahiz eta Santa Luzia eguna ez izan, Barakaldotarrok gaur ospatzen dugu haren erromeria. Garai batean ekainaren 30an egiten zen, baina 2014tik aurrera, Laguntasuna Elkarteak erromeria berreskuratu ondoren, ekaineko azken igandean ospatzea erabaki zen.

Erromeriari hasiera emateko, goizeko 11:30ak aldera abiatu gara Santa Luzia auzora. Batzuk oinez ausartu dira Argalario mendiaren magalean dagoen auzora igotzera; beste asko, ez hain ausartak, kotxez abiatu gara. Bertan, Laguntasunako kide nagusienak hamaiketakoa prestatzen hasi dira; tortilla, gazta, txorizoa… sabelak ondo betetzeko eta hobeto dantzatzeko. 

12:00ak aldera Laguntasuna Elkarteko dultzaineroak; Iñigo Obeso, Patxi Rubio eta Alfredo Castrok giroa berotu eta oraingoan Barakaldoko udaletxeko erraldoiak martxan hasi dira. Erromeria hasteko modurik ezin hobea izan da hau. 

Erraldoilariak atseden bat hartzen duten bitartean, eta… sabela betetzen duten bitartean, Jagoba eta Ekaitz, trikitilari eta panderojoleak eutsi diote giroari. Amaitu eta erreleboa egin diote erraldoilari eta dultzaineroei. Behin amaituta, haien txokora bueltatu dira, erromeriaz gosatzeko. 

Santa Luziako erromeria, Barakaldo, 2025-6-29. Argazkia: Eider Rubio

Bitartean txistulariak eta Laguntasuna Elkarteko emakume dantzariak prestatzen hasi dira. Santa Luziaren omenez egiten den erromeria dela eta, Laguntasunako emakumeak dantzatzen dute Elizateko Aurresku hau. 

Oraingo honetan, dantzariok praka bakeroak eta Laguntasunako kamiseta larrosa daramagu jantzita; aurreskulariak eta atzeskulariak, aldiz, praka beltzak daramate eta lepoan taldeko zapia lotuta. Musikariak Laguntasuna taldeko musikarien kamiseta beltza daramate. Erraldoilariak ere haien granate koloreko kamiseta daramate. 

Musikariak eta dantzariak plazaratzera goaz. Txistulariak gidatuta, “De Barakaldo Jolin” musikapean, lerroan atera gara dantzariok plazara. Bertan, Olaia Niño, aurreskuak bere zatia dantzatzen dagoen bitartean, zerbitzari papera duten bi neskek jendartean norbait bilatzen doaz, behin topatuta, dantzara ateratzeko eskaintza egin eta aurreskuak “banako zaharra” izeneko dantza eskaintzen dio, jarraian sokan sartzeko. Oraingoan, Irati Rubio, atzeskulariaren txanda da. Berdin berdin egiten dute zerbitzariek. Atzeskulariak amaitu eta berriro ere aurreskuaren txanda da, momentu honetan zerbitzariak beste hainbat pertsonen bila doaz, hauek sokan sartu eta bi borobil sortzera goaz; alde batetik, aurreskularia, atzeskularia eta haien bikoteak; eta bestetik, gainerako dantzari eta herritarrak. 

 

Santa Luziako erromeria, Barakaldo, 2025-6-29. Argazkia: Eider Rubio

Elkarrekin dantzatu dugu jota eta arin-arina, poz-pozik eta alaitsu. Eta plazatik ateratzeko, poztasun beridnarekin biribilketan atera gara.

Dantzaldiaren ondoren, atseden bat hartu dugu, sagardoa edan, tortilla jan eta ondo pasatu dugu goiz honetan. 

Santa Luziako erromeria, Barakaldo, 2025-6-29. Argazkia: Eider Rubio

 Aurten, urtarrilean hil zen Julian Larrea aizkolari, kirolari eta auzokidearen omenez, Gorostizako herri kirol elkarteko nagusi zein txikiek Santa Luziako erromeriara hurbildu dira erakustaldi bat eskaintzeko, eta ze nolako erakustaldia! Kaiet, 10 urteko mutiko bat, aizkora hartu eta bertan ibili da, nagusiak bezala eguzkipean jo ta ke!. Aizkolariez, harrijasotzaileez era trontzalariez gozatu dugu herritarrok. Kirolarik izerditan amaitu ondoren, Llanoko kartoi banda girotu dute eguerdia eta 13:30ak aldera maldan behera martxan jarri gara, horrela amaiera emanez 2025eko Santa Luziako erromeriari.  

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eider Rubio Ariño

Eider Rubio Ariño

Barakaldo, 2004

Dantzaria naiz. Txikitatik Barakaldoko Laguntasuna dantza taldean dantzan ibili naiz. Dantzerti dantzako goi mailako ikaslea naiz.