Berrizko dantzari-dantza eta erregelak
Goiz esnatu eta trenera abiatu naiz. Berrizera ailegatu eta plazara heltzean inor ez plazan… dantzariak baino lehen ailegatu naiz dantza lekura!
Meza amaituta agertu dira herritarrak eta eliza ondoan dagoen udaletxetik dantzariak abiatu dira elizaurreko plazara. Kalejira txistulariak burututa eta amaieran alkateak eta zinegotziak daudela heldu dira plazara.
Dantzariak ezpatez osatutako zubi bat sortu eta bertatik alkateak eta zinegotziak pasatu dira. Jarraian dantzariak dantzari-dantza blokeko agintariena dantza burutu dute, dantzari-dantza blokeko lehenengo dantza baita. Honetan Berrizeko dantzari-dantzako bandera ondeatu dute, hau bai harrotasuna Berrizeko herritarrentzako.

Poztasuna nirea neska bat ikusi dudanean dantzarien artean. Jantzi berdina daramate 8 dantzariak, desberdinkeriarik ez da egon dantzaldi honetan. Prakak eta alkandora zuriak, txaleko beltza, gerriko eta txapela gorria eta alpargata zuri-gorriak daramatzate dantzari guztiek. Gainera, hankak apaintzen eta giroari indar gehiago emanez, txintxarriak dituzte dantzariek.
Behin agintariena dantzatuta dantzari-dantza blokeko dantzak egin dituzte: zortzinango, ezpata joku txikia, banangoa, binangoa, ezpata joku nagusia, launangoa, makil jokua eta txotxongiloa. Hauek ezpataz eta makilez lagunduta. Dantzariak fin-fin ibili dira, saltoka, kolpeka eta bueltaka.
Dantzari-dantza zikloa amaitu eta pentsatzen geratu naiz… arraroa izan baita niretzako, nire dantza taldean, Enkarterriko moduan dantzatzen baitugu dantzari-dantza. Bertan konturatu nintzen dantza bloke bera zenbat modutan egin daiteken… pausu antzekoak, baina desberdinak; figura desberdinak, arropa ere moldatuta. Baina finean, dantzari-dantza.
Blokea amaitu eta dantzariak plazatik irten dira, harridura aurpegia nirea hori ikusterakoan, oraindik erregelak dantzatu gabe plazatik ateratzen dira? Bat-batean burua ezkerrera biratu, eta dantzariak pontxea edaten daude!

Atsedentxoa hartu eta ondoren plazaratu dira berriz, txistulariak gidatutako soka batean. Txistulariak, 3 txistulari berdin jantzita, praka bakeroak, alkandora zuria eta txapela buruan; baina, txistulari bakarra atera da erregelak gidatzera.
Aurreskularia hasi da dantzan, bi mutil, zerbitzari papera dutenak, herritar baten bila joan dira eta pare bat saiakera ondoren, lortu dute gazte bat plazaratzea. Honi eskeini diote “banango zaharra” aurreskulariak eta atzeskulariak. Sokara bueltatu eta atzeskularia hasi dan dantzan, berdin egin dute zerbitzariak, oraingo honetan lehenengo saiakeran herritarra plazaratzen. Behin sokan egonda, hasi da zerbitzarien erronka zailena, beste 6 herritar plazaratzea! Baina hauek bai mutiko azkarrak, lehenengoan lortu dituzte 6 herritar.

Guztiak sokara sartu eta aurreskulariak eta atzeskulariak haien bikoteekin borobil txiki bat sortu dute plazaren eskin batean; gainerakoak, borobil handi bat egin dute plaza erdian dagoen zuhaitzaren inguruan. Guztiok batera dantzatu dute jota eta arin-arina eta poz-pozik eta alaitsu atera dira plazatik kalejira batekin.
Hura poztasuna. Poztasun handia zeina niri kutsatu didatela, eta poztasun horrekin abiatu naiz bueltan trenera.